Barikuan [maiatzak 12] hasi eta maiatzaren 21era bitartean, San Isidro eta San Asentsio jaiak ospatuko dituzte ajangiztarrek. Antolakuntzan diharduten askok erreleboa eskatu dute, eta herritarrek "ondo" erantzun dutela esan dute.
Egutegian gorriz markatutako egunak dira Ajangizko jai nagusiak, uda aurreko lehenengotarikoak. Eta, barikuan [maiatzak 12], ohi legez hasiko dituzte, Errenteria Ajangiz zela aldarrikatuz; Errenteriako zubitik Mendietako plazaraino Saragiaren igoera eginez emango diete hasiera herriko jai nagusiei.
Gero, herriko gazteek soka dantza egingo dute plazan. “Herriko dantza talderik egon ez arren, jaietan dantza egiteko batu dira gazteak, eta gogotsu daude”, azaldu du Janire Intxausti kultur zinegotziak.
Biharamunean [maiatzak 13], jendetza batuko du Sukalki Egunak; jaietan jende gehien batzen den egun horietakoa da. Iaz, esaterako, 200 lagun inguru elkartu ziren herri bazkarian, eta zazpi sukalki aurkeztu zituzten. Aurten ere iaz beste jende elkartzea espero dute antolatzaileek. Gainera, aurten, umeentzako jolasak ere egingo dituzte arratsaldean, eta sukalkiak dastatzen hasi aurretik ere herriko dantzarien saioa egongo da.
Kontzertuak elizpean eta plazan egingo dituzte
Astelehena [maiatzak 15] da San Isidro Eguna, eta aurten ez dela mezarik egongo adierazi dute arduradunek. “Gero eta zailagoa da abadeak aurkitzea, eta ezin izan dugu sanisidroetan meza egitea lortu”. Hala ere, asentzioetan meza egongo dela diote.
Kontzertuen gauak ere jendetza batzen du Mendietan, eta aurten ere, azken urteetan egin modura, musika ikuskizunak bi gunetan eskainiko dituzte: elizpean eta plazan. “Elizpean egiten den kontzertuak jendearengandik hurbilago egoteko aukera eskaintzen du. Duela urte pare bat probatu genuen, eta herritarrek zein musikariek proposamena ondo hartu zutela ikusita, horrekin jarraitzea erabaki dugu”. Hala, Agur talde gernikarrak eskainiko du kontzertua bertan. Ostean, plazako eszenatoki handira igoko dira Lukiek, Iheskide eta Zutik erromeriako musikariak, eta DJak izango dira goizaldeko ordu txikiak musikatuko dituztenak.
Errelebo eske. Bi asteko egitarauaren baitan, briska eta mus txapelketak egingo dituzte Pertxamendi txokoan, eta ekintza horiek antolatzeko orduan herritarrek “beti” izaten duten prestutasuna azpimarratu du zinegotziak. “Ezinbestekoa da Briska Txapelketan zein Mus Txapelketan izena ematen duten guztien jarraipena egiten duten eta dena antolatzen duten herritar boluntarioen lana”.
Herritarrei zein inguruko bizilagunei bertaratzeko deia egin diete
Hala ere, herritar askok erreleboa eskatu dute, eta beste batzuen parte hartzea bultzatzeko taulak egin eta herriko tabernan jarri dituztela adierazi du zinegotziak: “Herritarren parte hartzea bultzatzeko taula batzuk egin ditugu, bakoitzak zertan lagun dezakeen ikusteko. Eta herritarrek ondo erantzun dute. Batzuek, bezperadan txosna zabaltzeko izena eman dute, eta beste batzuek, kontzertu gauean bokatak egiteko edota saltzeko. Erreleboa eskatu dute, eta jendeak ondo erantzun du”. Antolatzaileak “pozik” daude herritarren erantzunagaz.
Prestaketa lanetan ez ezik, herritarrei zein inguruko bizilagunei Ajangizko jaietan parte hartzeko deia egin diete.
EGITARAUA.
- Barikua, maiatzak 12.
- 21:00. Saragi igoera Errenteriko zubitik. Ostean, makailau jana Mendietako Plazan eta soka dantza.
- Maiatzak 13. Sukalki egune.
- 14:30. Sukalkiaren aurkezpena
- 15:00. Bazkari herrikoia
- 17:00. Umeentzako jolasak
- 18:30. Girotzeko musika
- Maiatzak 14.
- 11:30. IX. Esku Pilota Txapelketa finalak
- Maiatzak 15. San Isidro.
- 13:00. Hamaiketako herrikoia.
- Maiatzak 18. Asentzio.
- 12:00. Meza
- 20:00. Briska Txapelketa Pertxamendi Txokoan.
- Maiatzak 19. Kontzertuen gaba
- 21:00. Elizpean: Agur taldearen kontzertua
- 22:30. Plazan: Lukiek, Iheskide eta Zutik Erromeriaren kontzertuak eta DJ-ak
- Maiatzak 20.
- 20:00. Mus Txapelketa Pertxamendi Txokoan eta ostean, sardina jana plazan
- Maiatzak 21. XIV. Ajangizko mugari bira
- Ibilbide luzea. Hasiera: 8:30 / Distantzia: 19km
- Ibilbide laburra. Hasiera: 9:30 / Distantzia: 11km
* Izena emateko: Egunean bertan, ordu erdi lehenago, Mendietako Plazan.