Gizonezkoen kadete mailako arraunlariek Bizkaiko Trainerilla Txapelketako laugarren jardunaldia irabazi dute 07.20,72ko denboragaz.

Joan den domekan [maiatzak 7] Bizkaiko Trainerilla Txapelketako laugarren jardunaldia lehiatu zuten Ondarroan. Bertan aritu ziren Elantxobeko, Mundakako eta Bermeoko arraun elkarteetako kideak, Bizkaiko onenen artean. Mundaka Arraun taldekoak nagusi agertu ziren gizonezkoen kadete mailan 07.20,72ko denboragaz; estropada horretan, Elantxobe Arraun Taldea sailkapeneko bosgarrena izan zen, 08.06,68koagaz.
Gizonezkoen absolutu mailan, Bermeo Arraun Elkarteko trainerilla zen hautagai nagusia, baina ustekabeko aurkari batek aurrea hartu zion: Zierbena Ak 8 segundoko aldeagaz poltsikoratu zuen estropada. Garaileek 14.12,14ko denbora behar izan zuten lanak burutzeko; bermeotarrek, beren aldetik, 14.18,78koa. Bermeo B taldea, ostera, hamabigarrena izan zen, 15.17,90eko denbora eginda; Elantxoberi dagokionez, taulako hamalaugarrena izan zen 15.28,44ko denboragaz. Mundakako arraunlariek sailkapeneko azken-aurreneko postuan amaitu zuten: hemeretzigarrenak izan ziren, 16.21,75eko denbora egin ostean. Gizonezkoen gazte mailan, Elantxobe zortzigarrena izan zen; estropada hori ere Zierbenak irabazi zuen. Elantxobetarrek 15.58,22ko denbora egin zuten.
Domekan [maiatzak 14], eskualdeko arraun klubak Ondarroan lehiatuko dute Bizkaiko Trailerilla Txapelketa.