Gastronomia izango da Arrain Azokaren ardatz nagusia, beste behin ere
Maiatzaren 19tik 21era ospatuko da 29. Arrain Azoka. Ohi legez, hiru egun horietan, adin eta gustu guztietarako jarduera ugari egongo dira aukeran.
Arrantzaleak itsasoratzeko arrazoi nagusia da plateretara “kalitate hobereneko” produktuak ekartzea. Kontserberek ere helburu bera daukate, “lehen mailako arrain kontserbak gure etxeetako mahaietara eroatea”. Horregatik guztiagatik, aurten, iazko gaiari jarraipena ematea erabaki dute, eta, hortaz, aurten ere gastronomia izango da maiatzaren 19tik 21era bitartera ospatuko den 29. Arrain Azokaren ardatz nagusia.
Arrain Azokaren aurtengo ordutegia jarraitua izango da, 11:00etatik 20:00etara bariku eta zapatuan eta 11:00etatik 16:00etara domekan. “Arrain Azokari buelta bat eman gura izan diogu, eta produktuen salmenta ez ezik, indar handia jarriko da produktu horien dastaketan, gastronomiari indarra emanda. Hala, bisitariek postuetan bertan probatu ahalko dituzte produktuak. Horregatik, postuetako askok ordutegi jarraitua egingo dute. Postuen kokapena ere aurten desberdina izango da, bisitarientzako erakargarria eta egokiagoa egin asmoz. Gainera, produktuak dastatu ahal izateko mahaiekin osatutako guneak egongo dira”, azaldu du Bittor Agirre kontserberetako ordezkariak.
Gune solidarioan marmitakoa eta atun errea prestatuko dituzte. Lortzen den dirua osasun sistema publikoak ordaintzen ez dituen 6 eta 12 urte bitarteko umeen tratamenduak ordaintzera bideratuko dute
Berritasun modura, aurten, azokaren baitan, parrillan egindako atun errea dastatzeko aukera egongo da. “Eskaera historikoa” dela esan du Agirrek.
Umeentzako gunea, iaz modura Bekoportalen egongo da, eta parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretiaz izena ematea. Eta, Lamerako karpa nagusian, gastronomia gunea egongo da jarduera “asko eta askogaz”. Edukiera mugatua denez, txartel bidez bideratuko direla azaldu du Bego Gangoiti turismo teknikariak. Hala, ekintza hasi aurretik karpan bertan lortu ahalko dira txartelak, edo Urremendiren postuan.
Gune solidarioa ere ez da faltako Arrantzaleen kofradi zaharrean; bertan, marmitakoa eta atun errea prestatuko dituzte. Handik ateratako dirua osasun sistemak ordaintzen ez dituen 6 eta 12 urte bitarteko umeen tratamenduak ordaintzera bideratuko dute. Aurten, gainera, iazkoa baino ordutegi zabalagoa edukiko du: barikuan eta zapatuan 11:00etatik 21:00etara egongo da zabalik, eta domekan 11:00etatik 15:00etara. Hori posible dela diote “100 boluntario baino gehiago” daudelako. Izan ere, gogorarazi dute gune solidarioa herriko kultur, kirol eta gizarte talde, ikastetxe eta gainerako boluntarioei esker egiten dela. Eroateko ere jarriko dutela adierazi dute, horretarako, bakoitzak etxetik eroan beharko du ontzia.
Euskal Herriko “itsas azokarik garrantzitsuena” dela esan du gaurko aurkezpenean Kepa Zumeta turismo zinegotziak, eta hori ospatzeko, ohi legez, hiru egunetan, adin eta gustu guztietarako jarduera ugari egongo dira aukeran. Bermeora etorri ezin dutenek produktuak Internetez erosteko aukera edukiko dute aurten ere.
Enpresa parte hartzaileak “jasangarritasunaren alde” lanean daudela adierazi dute. Hala, 2019an hasitakoari jarraipena emango diote, eta Arrain Azoka Ihoberen Erronka Garbia ekitaldi jasangarrien ekimenera batuko da beste behin ere. Horren bitartez, ekitaldiak gauzatzean ingurumenean sor daitezkeen inpaktu negatiboak minimizatu gura dituzte, eta hainbat neurri hartu dituzte horretarako: plastikoa murriztu, tokiko enpresak kontratatu, azpiegiturak behin baino gehiagotan erabili, baxera konpostagarria erabili, Euskotren zerbitzua indartu, ura eta argia kontrolatu…