Trenbidea bikoiztuko dute Zugastietan, "Gernika eta Bilbo arteko maiztasuna bikoizteko"
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, Euskal Trenbide Sarearen bitartez, Zugastietan trenbidea bikoizteko eraikuntza proiektua aurkeztu eta lizitazioara atera du.
Autzaganeko tunelaren irteeran egin gura dute bikoizketa tartea, Zugastietako geltokiraino ailegatuko dena eta 2.000 metro inguruko tartea edukiko duena. “Esku hartze horri esker, trenak Amorebietako geralekuaren eta Zugastietako geltokiaren artean gurutzatu ahal izago dira “, azaldu dute. Eta, horren ondorioz, puntako orduetan Gernika-Lumotik Bilborainoko zerbitzuen maiztasuna bikoiztu gura dutela adierazi dute, “ordu erdiko denbora tartetik 15 minutura jaitsiz“.
Azterlanak, besteak beste, obrak egiten diren bitartean zerbitzuagaz jarraitzeko behar diren trenbidearen “behin-behineko desbideratzeen definizioa” ere jasoko du, eta, era berean, trazadura horretan dauden Sitxeseko eta Presosteko –zerrategia dagoen lekua– trenbide pasaguneak kentzea ere aurreikusi dute.
Horrez gain, Amorebieta-Bermeo linea horretan 70 metro inguruko luzera edukiko duen eta mantentze lanetarako trenbide materiala baztertzeko erabiliko duten bide bat eraikitzeko asmoa dute, baita materiala pilatzea ahalbidetuko duen zamalanetarako gune bat egitea ere. “Jarduketa horiek guztiak diseinatzean, ahalik eta gehien errespetatuko dira inguruko ingurumen baldintzak eta dena Urdaibaiko Biosfera Erreserban behar bezala integratzea”.