Oier Beaskoetxeak brontzezko domina lortu du Euskadiko Proba Konbinatuen Txapelketan
Gernika Atletismo Taldeko atleta hirugarren sailkatu da Euskadiko Proba Konbinatuen Txapelketan. Amets Antxia eta Jon Zugazaga hirugarren geratu dira Pistako Iraupeneko Euskadiko Txapelketan.
Brontzezko domina jantzi zuen Oier Beaskoetxeak zapatuan, Durangoko Landako pistan lehiatutako 18 urtez azpikoen Proba Konbinatuen Euskadiko Txapelketan. Gernika Atletismo Taldeko atletak Dekatloiko “proba gogorrean” parte hartu zuen, hamar modalitatetan lehiatuz: 100 metro lau, 100 metro hesi, 400 metro eta 1.500 metroko lasterketetan, disko, xabalina eta pisu jaurtiketetan, eta pertika, luzera eta altuera jauzietan.
Beaskoetxeak “ondo” baliatu zuen abiadura lasterketetarako duen berezko dohaia, eta jaurtiketa eta jauzietan ere “ondo” moldatu zela diote taldeko entrenatzaileek. “Horri esker puntuazio ona lortu zuen, eta, azkenean hirugarren sailkatu zen. Dekatloia oso proba gogorra da, eta, bere kasuan, are gehiago. Izan ere, Gernikak ez du atletismo pistarik jaurtiketak, jauziak, eta abiadura eta hesi probak prestatzeko”, azaldu dute.
Iraupen probak. Zapatuan, dekatloiaz gain, pistako iraupeneko Euskadiko Txapelketa ere jokatu zen Landakon. Bertan, Gernika Atletismo Taldeko Amets Antxiak eta Jon Zugazagak podiumeko hirugarren kaxara igotzea lortu zuten, nork bere 20 urtez azpikoen kategorian.
Horiez gain, taldeko beste zortzi atletak lehiatu zuten Landakon, 16, 18 eta 20 urtez azpikoen kategorian: Aurken Aranguenak, Peru Enbeitak, Diana Ilauk, Haizea Gerrikabeitiak, Beñat Ilauk, Irati Fernandezek, Olaia Olabarrietak eta Haizea Aberasturik. Gehienek euren marka pertsonalak hobetu zituztela adierazi dute entrenatzaileek.