Gautegiz Arteagara ailegatuko da Herriz Herri kontzertu zikloa
Musika eta magia uztartzen dituen Segundo Olaeta Musika Eskolaren Herriz Herri Kontzertu Zikloak Gautegiz Arteagako Andra Mari eliza musikatuko du etzi (maiatzak 4), 19:00etan.
Gautegiz Arteagak bat egin du Gernika-Lumoko Segundo Olaeta Musika Eskolak prestatutako Herriz Herri Kontzertu Zikloagaz, aurrerago Foruak eta Muxikak egin modura.
Gernika-Lumoko musika eskolak Busturialdeko hainbat herritako ikasleei eskaintzen dizkie musika ikasketak, eta ikasitakoak praktikan jartzeko eta erakusteko zikloa da honakoa. Hala ere, berezitasun bat dauka, musika magiagaz uztartzen duela: Julen Magoak magia ikuskizuna eskaintzen du atsedenaldietan.
Guztira, 30 artistak eskainiko dute kontzertua, ikasle eta irakasleak zenbatuta, eta biolina, biola, biolontxeloa, zeharkako txirula eta pianoa joko dituzte, hainbat estilotako obrak interpretatuz.
Zikloa musikari berriei babesa emateko aukera bat dela deio alkateak
“Gautegiz Arteaga herri musikazalea da. Beti animatzen ditugu gure jaiak musikagaz, eta kontzertuak izaten dira protagonistak”, adierazi du Juan Felix Naberan herriko alkateak. Gainera, Segundo Olaeta Musika Eskolak egiten duen zikloan parte hartzea musikaz gozatzeko “beste aukera bat” dela dio, baita “musikarien belaunaldi berriei babesa emateko beste aukera bat ere”.
Emanaldian, orkestra txikia entzun ahalko da lehenengo, ganbera taldea gero, eta orkestra nagusia azkenik. Bitarte guztietan, Julen Magoak bere magia ikuskizuna eskainiko du. Azpimarratu dute Adel kantariaren abesti bat izango dela azkena, eta bakarlari batek abestuko duela. Kontzertuak ordubeteko iraungo du.