Elantxoben hasi da Bizkaiko Trainerilla Txapelketa
Lehen jardunaldi biak lehiatu dituzte bertan, eta eskualdeko partaidetza eduki dute: Elanrtxobek, Mundakak eta Bermeok parte hartu dute. Azken biek, gainera, garaipenak lortu dituzte.
Elantxobek Bizkaiko Trainerilla Txapelketako lehen bi jardunaldiak hartu ditu asteburuan. Hain zuzen ere, zapatuan [apirilak 29] eta domekan [apirilak 30] lehiatu dituzte estropadak, kadete, gazte eta absolutu mailetakoek.
Lehendabiziko jardunaldian, zapatukoan, gizonezkoen kadete mailan, Mundakak irabazi zuen, Elantxoberen aurretik; mundakarrek 07.55,77ko denbora behar izan zuten estropada amaitzeko, eta elantxobetarrek, aldiz, 08.18,40koa. Maila absolutuan, Bermeo Ak lehia estua eduki zuen Zierbena A taldeagaz, baina, azkenenan, lehenengoek irabazi zuten, 14.15,47ko denboragaz. Gainera, Bermeoko B eta C taldeak, hurrenez hurren, 4. eta 5. postuetan sailkatu ziren; lehenengoek 14.51,10eko denboran egin zituzten lanak, eta bigarrenek, berriz, 14,.52,20koan. Elantxobek 15.34,14koa egin zuen, eta 9. postuan sailkatzeko balio izan zion; Mundaka, aldiz, taulako azkena izan zen, 16.37,35eko denboragaz.
Domekan, txapelketako bigarren jardunaldiari ekin zioten. Kadete mailako gizonezkoetan, Mundakak, egundoko maila erakutsita eta 08.02,49ko denbora eginda, garaipena lortu zuen; bigarren postuan Elantxobe sailkatu zen, 09.19,58ko denboragaz. Etxeko trainerilla, jarraian, 17.20,87ko denbora eginda, 4. postuan sailkatu zen, gizonezkoen gazte mailan. Busturialdeko ordezkaritzaren zabalena, aldiz, gizonezkoen absolutu mailan egon zen: Bermeok, Mundakak eta Elantxobek parte hartu zuten. Bermeo A nagusitu egin zen, eta 20 segundoko aldea atera zion bigarren sailkatuari; bermeotarrek 14.38,27ko denbora behar izan zuten estropada osatzeko. Gainera, Bermeo C taldeak podiumean sartzea lortu zuen, hirugarren postuan, 15.22,06ko denboragaz. Elantxobe 6.a izan zen etxeko uretan; makuesek 15.50,10eko denbora egin zuten. Sailkapena Mundakak zarratu zuen, 16.41,42ko denbora eginda.