Andra Mari eta San Roke jaietako kartel lehiaketa martxan dago
Lehiaketa Gernika-Lumoko Jai Batzordeak deitu du, eta edozeinek parte har dezake. Lanak aurkezteko azken eguna maiatzaren 26a da; 14:00ak aurretik aurkeztu behar dira proposamenak.
Abuztuaren 14tik 18ra bitartera ospatuko diren Andra Mari eta San Roke jaietarako kartel lehiaketa abiatu dute. Nahi duten sortzaile guztiek parte har dezakete lehiaketan, eta artista bakoitzak egokitzat jotzen dituen lan guztiak aurkeztu ahal izango ditu. Ezinbestekoa da, baina, lan horiek originalak eta argitaratu gabekoak izatea.
Lan guztiek izenburu bera eduki behar dute, derrigorrez agertu beharrekoa: GERNIKAKO JAIAK 2023. Abuztuak 14-18. Egileek nahi duten teknika eta kolorea erabil ditzakete kartela sortzeko, baina neurri zehatz bat eduki behar dute: 65×45 zentimetro (bertikala).
Nola aurkeztu? Kultur etxean bertan aurkeztu beharko dira lanak, modu digitalean (memoria eramangarri batean), astelehenetik barikura, 09:00etatik 20:00etara. Lanak posta ziurtatu bidez ere bidali ahalko dira hurrengo helbidera: Gernika-Lumoko Kultur Etxea, Foru plaza 2, 48.300 Gernika-Lumo. Epaimahaiaren erabakia ekainaren 8an argitaratuko da, eta irabazleak 500 euroko saria jasoko du.
Zehaztu dutenez, lanak hiru formatutan aurkeztu behar dira: diseinuan erabilitako jatorrizko formatua duen jpg-a, mega 1eko jpga eta bereizmen handiko pdf-a.