Sentsazioak, puntuen aldea baino baliotsuago

Lointek Gernika Bizkaiak 75-69 irabazi dio, Malosten, Casademont Zaragozari, Emakumezkoen Endesa Ligako final-laurdenetako joaneko partiduan. Itzulikoa domekan [apirilak 23] jokatuko dute, 12:15ean, Zaragozan.

Argazkia: Angel Grande.

Lointek Gernika Bizkaiak garaipen baliotsua poltsikoratu zuen atzo [apirilak 20], Malosten, Casademont Zaragozaren kontra. 75-69ko markagailuagaz, 6 puntuko aldea eskuratu zuten Anna Montañana valentziarraren jokalariek, domekako [apirilak 23] itzuliko partiduari begira. Izan ere, puntu gehieneko aldeagaz irabaziten duen taldeak lortuko  du play-offetako finalaurrekoetarako txartela. Zentzu horretan, taldetik adierazi dute atzo lorturiko aldea “ez dela handia”, baina bai, ostera, “baliagarria”. Zaragozako partidua 12:15ean jokatuko dute.

Malosteko norgehiagoka beldurrik handienari jaramon eginez abiatu zuen Gernikak: Zaragozaren barrualdeko jokoari. Markeisha Gatling izan zen gernika-lumotarren areriorik azpimarragarriena partidu hasieran, baina 4 puntu baino ez zituen egin lehen laurdenean. Casademonti aurpegia erakusteko, Lointekek defentsan gogor behar egin zuen; erasoan, aldiz, Sandra Igerabide nabarmendu zen. Hiruko jaurtiketetan maila handia erakutsiz, Laura Spreaficogaz joko osagarria egin zuen, eta biek ala biek min egin zioten Erregina Kopako txapeldunari, batez ere, barrutik eraso eginez.

Argazkia: Angel Grande.

Gabija Meskonytek, berriz, ligako MVPari, Leonie Fiebichi, eusteko saiakera egin zuen, baita ederto lortu ere: Zaragozako jokalari alemaniarrak ez zuen punturik egin lehen laurdenean. Era berean, Sofia Da Silva ere konpromisoz gainezka agertu zen, jokoan protagonista izanez. 6. minutuan 13-10eko markagailuagaz joan ondoren, lehen laurdena 16-19koagaz amaitu zuen.

Brooque Williams estatubatuarrak min hartu zuen orkatilan eta ezin izan zuen partidua amaitu

Bigarren laurdenaren hasieragaz, intentsitateak gora egin zuen, batik bat, Itziar Ariztimuño bilbotarraren agerpenagaz. 21-19 aurreratu zuen etxeko taldea. Txanponaren ifrentzua, aldiz, Brooque Williams estatubatuarrak bizi izan zuen, orkatilan min hartu baitzuen. Casademontek kontaktuetan indar handiz jokatu zuen, eta horri eusteko eginbeharra Julie Wojtak hartu zuen beregain. Partiduak kalitatea, gogortasuna, lehiakortasuna eta denetariko proposamen taktikoak eduki zituen; talde bien tanto emariak, baina, zertxobait behera egin zuen bigarren laurdenean. Ozta-ozta baldin bazen ere, etxekoak aurrea hartuta joan ziren atsedenaldira: 32-30.

Argazkia: Angel Grande.

Blokeo egoera. Atsedenaldiaren ondorengo lehen minutuetan, partidua zelnbaiteko blokeo egoeran murgildu zen. Talde biek defentsa lerro zurrunak eraiki zituzten, eta horrek eragina eduki zuen erasoaldietan. Nolanahi ere, Igerabidek egundoko maila erakutsi zuen, eta gako izan zen saskiratzeen kadentziak behera ez egiteko borrokan. 52-48koagaz, Gernikak markagailuan aurretik abiatu zuen laugarren eta azken laurdena.

6 puntuko aldeak itzuliko partidua inoizkorik estuena izango dela iragartzen duen arren, Lointekek irudi aparta erakutsi zuen etxeko ikusleen aurrean

Play-offek sortu ohi duten tentsioaren erakusle, talde bietako batek ere ez zuen etsi, txirrinak azkenengoz jo artean. Da Silva giltzarri izan zen, Lointeken aukerei eusterakoan. Amaierarako 7 minuturen faltan, 55-55eko berdinketa erakusten zuen markagailuak. Dena erabakitzeko zegoen. Une hartan, Wojtak eta Ariztimuñok pauso bat aurrera egin, eta 66-58raino eroan zuten partidua. Azken 40 segundoetan, Casademonten jokalarien azaroak begibistakoak ziren, eta Wojtak ez zuen abagunea alferrik galdu, partidua erabakiz. Azkenean, Lointekek 75-69 irabazi zuen play-offetako joanekoa. 6 puntuko aldeak itzuliko norgehiagoka inoizkorik estuena izango dela iragartzen duen arren, etxeko taldeak irudi aparta erakutsi zuen bere zaleen aurrean. Etzi, Zaragozan erabakiko da finalerdietako lehia.