Topaketa Antifaxista prestatu dute zapaturako Astran
Kontxa Arana 'Rita' antifaxista omenduko dutela adierazi dute antolatzaileek. Gainera, faxismoak gaur egun dituen aurpegi desberdinak ezagutzeko eta faxismoaren aldeko prozesuak aztertzeko egun osoko egitaraua prestatu dute.
Topaketa Antifaxistak hartuko dute Astra zapatuan. Faxismoak gaur egun dituen aurpegi desberdinak ezagutzeko eta faxismoaren aldeko prozesuak aztertzeko egun osoko egitaraua prestatu dute hainbat taldek, baita faxismoari aurre egiteko moduez eztabaidatzeko ere. Kontxa Arana Rita antifaxista omenduko dutela adierazi dute antolatzaileek: “Gaztetatik faxismoaren aurkako militante aktiboa izan zen eta horrek erbestera eraman zuen. Bere konpromisoak Nikaraguara ere eroan zuen, non sandinismoarekin aktiboki borrokatu zuen”.
Jardunaldian Euskal Herriko hainbat erakunde eta mugimendutako pertsonek parte hartuko dute, “euren borroka esparrua kapitalismoa gainditzean kokatzen dutenak”. Gainera, Turkiako Anti imperialist Front taldekoek, Bartzelonako Errepresioaren aurkako Plataformakoek eta Dublin Republicans Against Fascismeko kideek ere parte hartuko dute.
Topaketa antifaxistaren helburua da Gernikak “beti” eduki duen “antifaxismoaren sinbolo irudia berreskuratzea“, bere “askatasunen alde borroka egiten duen herriaren irudia” berreskuratzea, alegia. “Gernikako ondarea eduki politikoz husten duten egungo erakunde burgesen diskurtsoa zuzendu nahi dugu. Gaur egun, erakunde burgesek bakearen sinbolo izendatu nahi dute Gernika, eta aldi berean, lotsagabe, AEBetako inperialismoaren eta NATOren beso armatuen ankerkeriak txalotu eta horiekin elkarlanean aritzen dira”, adierazi dute.
Antolatzaileen berbetan, “bakea ez da gatazkarik eza”, “justizia sozialean, elkartasunean eta berdintasunean oinarritutako gizartean” gauzatzen dena baizik. “Ez dago bake posiblerik nazioarteko harreman inperialistetan oinarrituz gero, ez eta pobreenen esplotazio esparrua onartuta ere, zeinetan batzuen ongizatea besteen heriotzan oinarritzen den. Hori da neoliberalismoaren eta geopolitikoki partaide garen mendebaldeko gizarteen ‘bakea'”, diote. Gainera, salatu dute Gernikaren irudia erabiltzen dutela “esparru zapaltzaile hori gainditu nahi duten borroka iraultzaileak gaitzesteko”, besteak beste, “Ukrainako erregimen naziaren irudia zuritzeko”.
Hori dela eta, sinboloak “berreskuratu” gura dituzte, “imaginario kolektibo antifaxista, antikapitalista eta iraultzaile” bat sortzeko. “Gernika antifaxista, internazionalista, menperaezina eta errebeldearen ondarea berreskuratzeko garaia da; mundua errotik eradatu nahi duten ideologien ikur, konpromiso eta borroka emantzipatzailearen nazioarteko sinbolo izan behar da Gernika”, diote.
Egitaraua, Astran.
10:00. Mahaingurua: Zer da faxismoa eta nola aurre egin. Iñaki Gil de San Vicente (pentsalari marxista), Ezkerraldea Antifaxistako kide bat, Mugimendu Sozialistako kide bat eta Ipar Euskal Herria Antifaxistako beste bat.
13:30. Kontxe Arana Ritari omenaldia.
14:30. Bazkaria (10 euro).
16:30. Hitzaldia: Faxismoaren egoera Europan.
21:00. Kontzertuak (5 euro): Vomitamos desperdizios, Habemus Papam eta Txandal Vandalss.
Gero. Gau elektronikoa: Bendiak eta Dstant.