Ikuspuntu eraldatzailetik memoria lantzen
Memorian sakontzeko eta belaunaldi ezberdinetakoen ikuspuntutik memoriak dituen erpin ezberdinak lantzeko ideiagaz antolatu dute gaurko memoria lantzeko jardunaldia Gernikatik Mundura elkarteko kideek. Astra bete dute San Fidel Ikastolako LH 6.mailako 75 ikaslek eta Foruko Igurco nagusien egoitzako 5 nagusik.

Zer da Astra? zer da memoria historikoa? Zer da memoria? Zelan antolatzen da asanblada bat? Zer da autogestioa? Erantzun zuzen asko dituzten galderak dira, baina horiei buruz hausnartzeko espazio gutxi eraikitzen dira. Hala, memoria lantzeko asmoz, eta belaunaldi ezberdinetako bizilagunen arteko harremanak sustatzeko helburuz, Astra bete dute San Fidel Ikastolako LH 6.mailako 75 ikaslek eta Foruko Igurco nagusien egoitzako 5 nagusik.
Memorian sakontzeko eta belaunaldi ezberdinetakoen ikuspuntutik memoriak dituen erpin ezberdinak lantzeko ideiagaz antolatu dute jardunaldia Gernikatik Mundura elkarteko kideek. Azaldu dutenez, San Fidel Ikastolak IMQ Igurco Foruko egoitzagaz duen belaunaldi arteko proiektuaren parte izan da gaurko ekimena, eta Astrako kideen eta Lobak taldekoen laguntza izan dute. “Belaunaldi arteko proiektua da eurena, nagusi eta txikien arteko harremanak sendotzeko abian jarri zutena. Espazio hori baliatuta, memoria jorratzeko ekimena prestatu dugu guk”, adierazi du Berezi Zabala Gernikatik Mundura elkarteko kideak.
Gernikako bonbardaketaren urteurrenaren harira egin dute topaketa, baina ez da euren arteko lehenengo elkarlana izan. Iaz ere batu ziren Foruan, baina ekitaldia udalerrira gerturatzea eta Astran egitea erabaki dute aurten: “Ekintza Astran kokatzea erabaki genuen, memoria propioa daukan eraikina delako. Arma fabrika izatetik zentro soziokulturala izatera igaro da, eta historia eta memoria propioa ditu”. Bonbardaketatik zutik atera zen eraikina da Astra, baina bonbardaketa aurretik ere udalerriaren eraldaketa bizi izan zuela diote. “Herri nekazari bat izatetik fabrika gunea izatera igaro zen, eta migrazio handia izan zuen. Gero, bonbardaketa bizi izan zuen, baita osteko garaia ere”, esan dute.
Hori guztia kontutan hartuta, ikuspuntu eraldatzaile batetik memoria lantzea da gaur bilatu dutena, “memoria ez delako data zehatzak zeintzuk izan ziren jakitea bakarrik”. Memoria “hori baino askoz gehiago” dela, eta hausnarketa hori garatu egin behar dela ikasi dute ikasle eta adinekoek.
Teoriatik praktikara. Jardunaldia, beraz, bi fasetan banatu dute, teorikoagoa lehenengoa, eta praktikoagoa bigarrena. Hala, memoriaren txokoan, okupazioarenean eta autogestioarenean batu dira lehen orduetan. Hiru taldetan banatuta, txoko batetik bestera salto egin dute ikasleek.
Memoriaren txokoan, Astraren memoria lantzeaz gain, Gernikaren memoria landu dute, eta ikasleek nagusiekin berba egiteko aukera izan dute, euren esperientzia eta bizipenak ezagutzekoa, alegia. Adinekoekin hartu emanetan,Ā udalerria zelakoa zen, zelan aldatu den edota zelan bizi izan zuten gerraostea entzun dute. Txoko horretan egon dira, baita ere, Lobakeko kideak, eta eurek gauzatutako Gernika 2037 maparen bitartez gaur egungo eta 1937ko Gernika ikusi ahal izan dute.Ā
Okupazioaren txokoan, Astrako okupazioaz aritu dira. Arma lantegia okupatu zuten udalerriko gazteek 2005eko abenduaren 24an lehenengoz, eta otsailean bigarrenez. Okupazioaren nondik norakoak ezagutu dituzte, eta gazteek espazioak eraldatzeko botera daukatela ere ikasi dute, betiere konpromiso bat izanez eta antolatuz gero.
Horretarako, “ezinbestekoa” dela elkar ulertzea adierazi dute gaur, eta, ondorioz, autogestioaren txokoan, asanbalada batean parte hartzea zer zen ikasi dute. Astra zelan kudeatzen den ikasi dute, eta asanblada batean parte hartu. Hala, Astran egiteko denetariko ideiak bota dituzte, tartean udalekuak egitekoa.
Jardunaldiko bigarren fasean sormena landu dute, horretarako aukera ere eskaintzen duelako kulturarako fabrika sozialak. Irudiak margotuz, dantzatuz eta musikaren bitartez emozioak transmititu dituzte, hiru taldetan banatuta, bakoitzaren interesen arabera. Memoria sormenetik ere landu daitekeela ikusi dute, eta gozamenerako espazio bihurtu dute Astra.
Proiektuagaz entitate eta mugimenduen arteko sareak sortu dituzte
Ross dantza eskolakoekin gorputz faktorian batu dira, eta gorputz adierazpenaren bitartez denetariko sentimenduak transmititu dituzte. Musikazaleek Iparragirre Rock Elkartea bisitatu eta instrumentuak probatzeko aukere ere izan dute, eta marrazketa tailerrean, margotuz, babesleku bat eraldatu du. “Gerra erakusten duen espazio bat bake leku bat zelan bihurtuko luketen galdetu diegu, eta hori margotu dute”. Sortutako irudiak Astrako erakusketa batean jasotzea erabaki dute antolatzaileek, herritarrei erakusteko.
Proiektuagaz entitate zein mugimenduen arteko sareak sortu dituzte, eta “sortzeko gogoa” dagoela adierazi dute, baita “Astra denontzako” dela transmititzekoa ere. “Gazteek ikusi dute eurak ere Astraren parte direla. Entzuten ez diren horien ideiak ere entzun dituzte, nagusiek umeenak eta umeek nagusienak”.
Antolatzaileek adierazi dute gaurko ekimenetik material bat sortuko dutela, edonork erabili ahal izateko.















































































