Basterra eta Monasterio, bikoterik azkarrena
Arrolape Mendi Klubeko Leire Monasterio Gonzalezek eta Maialen Basterra Fernandezek bikotekako sailkapena irabazi dute Enkarterri Extrem probako maratoi distantzian. Unai Martin Delgado 7. postuan sailkatu da ultra-maratoian.
Domekan [apirilak 15] Enkarterri Extrem mendi lasterketa egin zuten Zaramillon, hiru distantziako probekin: 21, 42 eta 60 kilometrokoak. Bertan egon ziren Arrolape Mendi Klubeko partaideak, eta emaitza aipagarriak poltsikoratu zituzten. Maialen Basterra Fernandez gernika-lumotarrak eta Leire Monasterio Gonzalez errigoitiarrak garaipena eskuratu zuten bikotekako maratoian, 06.51.43ko denbora egin ondoren.
Ultra-maratoian, ostera, arrolapetarretatik aurreratuena Unai Martin Delgado gernika-lumotarra izan zen, 7. postuan helmugaratuta. Martinek 06.51.51ko denboragaz bete zuen 60 kilometro gorabeheratsuko ibilbidea. Proba horretako gizonezkoen sailkapeneko garailea Goar Lopetegi Nieto ibartarra izan zen, Adur Mendizabal Luluaga zaldibiarragaz batera helmugaratuta. Helmugaratzeak, hain zuzen ere, zeresana izan zuen. Ibilbideko azken gailurretik, Apukotik, Zaramillorainoko azkenengo jaitsiera egoera oso arriskutsuan zegoela ikusirik, lasterketa buruan zihoazen korrikalari biek helmugara elkarregaz iristea adostu zuten, proba guztia lehia betean igaro ostean.
Lasterketako araudian, baina, ez zegoen jasota lehen postua parte hartzaile biri emateko aukera eta, beraz, lasterkariek ezin izan zuten podiumeko goreneko koskara elkarregaz igo; txipak zehaztu zuen Lopetegik Mendizabalek baino zertxobait lehenago igaro zuela helmuga lerroa eta, ondorioz, hark jantzi zuen txapela. Emakumezkoen artean, Sara Peña Lizarralde oriotarra nagusi izan zen.
Proba denetan maila handian. Basterraz eta Gonzalezez gain, Arrolapeko beste zenbait partaide ere maratoian aritu ziren. Besteak beste, Ander Aranzabal Lauzirika gernika-lumotarrak 17. postua lortu zuen proba horretan, 05.23.49ko denbora eginik. Proba horretan aritu zen, era berean, Oskar Morales Cabello arrolapetarra ere. Moralesek 39. postua lortu zuen maratoian, baina 5. sailkatzea lortu zuen Beterano 1 kategorian, 05.51.54ko denboragaz.