Geolodia 23 ekimenagaz bat eginda, Andrabide harrobia bisitatu eta geologian murgiltzeko jardunaldia antolatu du maiatzaren 6rako; 09:30ean jarri dute hitzordua herriko plazan, eta bertaratzeko izena eman beharko da.

Geolodia 23 ekimenagaz bat eginda, Andrabide harrobia bisitatu eta geologian murgiltzeko jardunaldia antolatu du maiatzaren 6rako Gautegiz Arteagako Udalak: Snorkel errudisten artean: Gautegiz Arteagatik zure etxera. 09:30ean jarri dute hitzordua herriko plazan, eta geologo adituek gidatutako doako txangoa izango dela adierazi dute, Andrabideko Kantera Gorria protagonista izango duena. Ibilbidea “erraza” izango dela diote, eta txangora bertaratuz gero, oinetako erosoak eroateko gomendioa zabaldu dute.
Andrabide harrobiari eta geologiari buruz gehiago jakin gura dutenek eta jardunaldietan parte hartu gura dutenek izena eman beharko dute www.geolodia.es webgunearen bidez edo kultur etxean.
Azaldu dutenez, SGEk koordinatutako doako txango multzoa da Geologia, geologoek gidatutakoa eta mota guztietako ikusleei zabaldutakoa. Ekimenak helburu nagusitzat du geologia gizartearentzako zientzia “erakargarria eta erabilgarria” dela erakustea.
Horren baitan, Gautegiz Arteagako Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiagaz, EHUgaz eta EEEgaz batera antolatu du jardunaldia. Laura Damas Molla, Arantza Aranburu, Arantxa Bodego eta Jesus Angel Uriarte adituek gidatutako txangoa izango da maiatzaren 6koa, eta, horretan, Andrabide harrobiari buruzko arroketan murgiltzen diren estratuak, sedimentuak eta fosilak ulertu eta bereiziko dituzte.
Txangoaren ardatza errudistak ezagutzea izango da –geologian Kretazeotik harkaitzen barruan dauden itsas molusku bibalbioen izendapena da–, eta harri gorriaren kolore gorrixka nondik datorren jakitea ere bai, “beste xehetasun geologiko batzuen artean”. Era berean, arrokaren eruzketaren edota harrobiaren egungo erabileren errepasoa egingo dute. Gainera, bisitaldian, bertaratutakoek Gautegiz Arteagako geologia ezagutzeko aukera izango dute, herriko Andra Mari eliza bezalako espazio “esanguratsuak” eraikitzeko erabili ziren arroken bidez. Arratsaldean, Andra Mari eliza eta herriko beste ondare eraikin batzuk bisitatuko dituzte, bertako geologiaren presentzia bereizteko.
Juan Felix Naberan udalerriko alkateak dio herriko “ondare historiko eta geologiko parebagea” dutela, “eskualdean bakarra”, eta Andrabide harrobia dela gune nagusia. “Harrobi honetatik atera dira gaur egun gure etxeen, tenpluen, Andra Mari elizaren, eta, balio historiko eta arkeologiko handiko ondareen harriak. Baina zer dakigu harri horiei buruz? Bisita gidatu honen bidez, geologo adituek arroka harroen barruan zer dagoen ulertzen lagunduko digute, modu atsegin eta dibertigarrian. Herriko familia guztiak parte hartzera animatzen ditut, izan ere, harria gure historiaren eta gure nortasunaren parte da”, adierazi du alkateak.