Zenbakiek eusten duten artean, bizirik
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak 30-24 irabazi du Pozuelo Rugby Union taldearen kontra. Ligako biziraupena lortzea gaitza den arren, oraindik beren aukerei eusten diete basurdeek.
Azkenengo partiduetan asko sufritu eta emaitzak kontra eduki ondoren, Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak garaipen baliotsua poltsikoratu zuen atzo [apirilak 16], Urbietan, Pozuelo Rugby Union talde madrildarraren kontra; basurdeak 30-24ko markagailuagaz nagusitu ziren etxeko zaleen aurrean. Garaipen horrek, gainera, Ohorezko Ligako biziraupenaren borrokan mantentzen du Gernika-Lumoko taldea, helburu hori gaur-gaurkoz oso gaitza den arren.
Zailtasunak zailtasun, etxekoen aurrean ahalik eta mailarik duinena erakusteko jomugagaz zelairatu ziren Gernika RTko jokalariak atzoko norgehiagoka hasieran. Beraien egitekoa, dena dela, ez zen gauerdiko ahuntzaren eztula. Izan ere, denboraldi hasieran zuzeneko aurkaritzat jo arren, Pozuelo sendo agertu da aurten, maila handiko taldea dela frogatuz. Basurdeak lehiakor agertu ziren lehen minutuetan.
Eduardo Maidagan: “Zenbait jokalditan, ondo lan egin arren, ez genuen haiek borobiltzerik eduki”
Pozueloko lantaldeak joko gogorra ezarri zuen hasieratik: aurrealdean jokalari sendoak aurkeztu zituzten, eta bizkorrak, berriz, atzealdean. Gainera, etxekoek “zenbait akats esanguratsu” egin zituzten, Gernika RTko entrenatzaile Eduardo Maidaganek azaldu duenaren arabera: “Maila horretako aurkariari ezin zaizkio puntuak oparitu, ez baitu barkatzen. Zenbait jokalditan, ondo lan egin arren, ez genuen haiek borobiltzerik eduki, eta horrek guztiorrek geure kontra egin zuen”. Nolanahi ere, Gernika RTk asmatu zuen egoerari buelta ematen, eta lehen zatia markagailuan aurrea hartuta amaitu zuen: 17-12.
Aldageletatik aterata, beraien jokoa aldatu zuten basurdeek. “Gauzak are zailago ipintzea erabaki genuen, geure jokalariengan konfiantza erakutsiz. Bigarren zatiko lehen unean aurrea hartu baziguten ere, segituan eroan genuen markagailua geure aldera”, adierazi du Maidaganek. Azkenean, 30-24koagaz gailendu ziren etxekoak, mailako aurkariaren kontra. Partidua “oso fisikoa eta gogorra” izan zela argitu dute taldetik, baina baita dagoeneko “hurrengo biei begira” daudela ere. Izan ere, denboraldiko azken bi partiduak CP Les Abelles eta Ampo Ordizia REren aurka jokatuko dituzte. Lehenengoa Urbietan izango da; bigarrena, euskal derbia, Ordizian.
Biziraupena lortzeko, Pozuelok jokatuko dituen partidu bietako bat galdu beharra du; horregaz batera, basurdeek partidu biak irabazi eta bonus puntua lortu beharko dute
Pozueloren aurkako garaipenagaz, Gernika RTk oraindik ligako biziraupenaren helburuari eusten dio. Dena dela, helburu hori lortzea, zenbaki aldetik egingarria izan arren, “benetan gaitza” da. Pozuelo, asteburuko partiduaren ondoren, 24 puntugaz ageri da ligako sailkapenean, eta Gernika RT, ostera, 16gaz. Hortaz, madrildarrek datozen bi partiduetako bat galduz gero eta, era berean, gernika-lumotarrek biak irabazten badituzte eta entseguen bonus bat (partidu bakoitzeko 4 entsegu baino gehiago lortzearren ematen den puntu gehigarria) lortzen baldin badute, Pozuelo pasatuko litzateke beheko postuetara. Hori bai, Maidaganek azaldu du helmuga “egingarria baina benetan zaila” dela: “Gaur-gaurkoz, Pozuelo La Vila baino talde lehiakorragoa da, eta eurak dira, hain zuzen, irabazteko hautagai nagusiak”.
Les Abellesen kontrako partidu garrantzitsua, ligako azken-aurrekoa, datorren domekan jokatuko du Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak; Urbietan izango da, 12:00etan.