Laugarren Busturialdeko Txistularien Egunaren "balorazio positiboa" egin dute antolatzaileek: "Fenomeno pasatu genuen, oso ondo. Egun itzela izan zen, oso polita". Hurrengo urtean Elantxoben elkartuko direla jakinarazi dute.

Txistu doinuek eta txistulariek musikatu zituzten atzo Gernika-Lumoko kale eta bazterrak. Bermeoko, Mundakako, Busturiko, Foruko, Gernika-Lumoko eta Ibarrangeluko 60 lagun elkartu ziren IV. Busturialdeko Txistularien Egunean, eta txistuari eta euskal kulturari balioa emateko eguna izan zela adierazi dute.
Hiru izan dira aurtengo omenduak: Teodoro Makazaga, Martin Urrutia eta Joxe Felix Zamakona. Horiei zein horien senideei oroigarri plaka bana banatu zizkieten, eta “hunkituta” jaso zituzten horiek; Urrutiak berak jaso zuen oroigarria, eta Makazagaren eta Zamakonaren partez, lehenengoaren senideek eta Jabi Zunzunegik jaso zituzten oroigariak, hurrenez hurren. Txistularitza bultzatu zuen Gernika-Lumoko musikaria izan zen Makazaga, Zamakona abadeak Errenteriako Gazteak Txistu Taldea sortu zuen eta Urrutia ere txistularia izan zen. Horien ibilbidea gogoratu eta “balioan jarri” zuten atzoko ekitaldian.
Lehenago, baina, Erreterian hasi zuten erronda, eta Foruen plazan omenaldia egin ostean, txistu doinuak zabaldu zituzten Juan Kaltzada, Alhondiga eta Industria kaleetan. Gero, 41 lagun Boliña Zaharrean elkartu ziren bazkaltzeko, eta “giro aparta” izan zutela aitortu dute.
Laugarren Busturialdeko Txistularien Egunaren “balorazio positiboa” egin dute antolatzaileek: “Fenomeno pasatu genuen, oso ondo. Egun itzela izan zen, oso polita”. Eskualdeko txistulariak elkar ezagutzeko asmoz hasi ziren Busturialdeko Txistularien Eguna antolatzen, elkar ezagutzen ez zutelako: “Hala, ezagutzeko eta elkarregaz txistua jotzeko batzea erabaki genuen, baita euskal kultura eta euskara bultzatzeko ere”.
Batzeko eta ezagutzeko asmoz hasi zuten ekimena, eta helburua lortu dute. Hori dela eta, eguna antolatzen jarraitzeko asmoa dutela diote, eta hurrengo urtean Elantxoben elkartuko direla jakinarazi dute.













































