Mundaka Arraun Taldea eta Elantxobe Arraun Elkartea maila handian aritu dira Bizkaiko Batel Txapelketan. Mundakarrek garaipena lortu dute gizonezkoen alebin mailan.
Mundaka Arraun Taldeak garaipen paregabea lortu zuen atzo [apirilak 16], Bizkaiko Batel Txapelketan. Sestaoko uretan lehiatu zituzten estropadak, eta mundakarrak nagusi agertu ziren gizonezkoen alebin mailan; horrez gain, beste hainbat kategoriatan ere maila handia erakutsi zuten, eta dominak ere eskuratu zituzten.
Gizonezko alebinak jaun eta jabe izan ziren beren lehian, eta 2.24,85ko denboragaz borobildu zuten beren arraun saioa. Kategoria horretan, gainera, podiuma Elantxobe Arraun Elkartekoek osatu zuten, 2.40,81eko denbora eginda. Mundakako taldekideak, bestalde, garaipenaren atarian geratu ziren beste maila bitan. Batetik, bigarren postuan sailkatu ziren emakumezkoen ume mailan; 05.15,22ko denbora egin zuten, eta segundu bat baino gutxiago atera zien garaileak, Ondarroak. Elantxobetarrak laugarren postuan sailkatu ziren maila horretan, 05.24,40ko denboragaz. Bestetik, Mundaka hirugarren helmugaratu zen alebin mixtoetan, 02.53,25eko denboragaz; Elantxobe jarraian sailkatu zen, laugarren, 03.49,92ko denbora eginik.
Elantxobetarrak ere goi mailan. Bestalde, emakumezko alebinen mailan, Elantxobe irabaztetik hurre egon zen: Isuntzaren ondoren, bigarren izan zen, 02.45,12ko denboragaz. Mundakarrak, horrez gain, laugarren eta bosgarren postuetan sailkatu ziren, hurrenez hurren, gizonezko ume eta kadete mailetan; lehenengoan, 05.01,43ko denbora egin zuten, eta bigarrenean, ostera, 07.09,63koa.

Argazkia: Elantxobe Arraun Elkartea.
Mundaka Arraun Taldetik harrobiko neska-mutilen “lan ederra” nabarmendu dute, eta “emaitza oso ederrak” lortu dituztela adierazi. Elantxobe Arraun Elkarteko kideak ere pareko moldez agertu dira, eta Bizkaiko Txapelketan aritutako arraunlari gazte guztiak zoriondu dituzte, “hain gogor borrokatzearren”.