Eskolondon egingo dute Zinema Ean, apirilaren 14ean eta 15ean. Denetariko luzera eta tematiketako lau film proiektatuko dituzte, eta horien zuzendariak bertan egongo dira.
Herrijeri Emon Arnasa Kultur Elkarteak eta Eako Udalak elkarlanean antolaturik, apirilaren 14ean eta 15ean, Zinema Ean zinema zikloa egingo dute Eako Eskolondo aretoan. Bi egunetan banaturik, lau film proiektatuko dituzte, eta horietako zenbaiten zuzendariak ere bertan izango dira, bertaratzen direnekin filmen nondik norakoak eztabaidatzeko asmoz.
Apirilaren 14an (barikua), Maider Oleagaren Irrits filma proiektatuko dute, 20:30ean hasita. Irrits-ek Izaro eta Clara izeneko 17 urteko neska biren arteko istorioa erakusten du. Biak begirale dabiltza umeen udalekuetan eta, egun sargori batean, Clarak musu emango dio lagunari. Filmak bien arteko desira nola kudeatu erakutsiko du, 15 minututan barrena. Jarraian, Juan Esteban Montoyaren Nola Ikasi Euskara filmaren txanda izango da. pandemia sasoian Lekeition harrapaturiko txiletar etorkin baten testuingurua du ardatz filmak; protagonista hori izango da, hain zuzen ere, ikusleari euskara zelan ikasi irakatsiko diona. Bere bizipenak kontatuko ditu, Lekeitioko bizimodua eta herriko denetariko bazterrak erakutsiz, 27 minututan zehar.
Hurrengo egunean, ordu berean abiatuta, Lur Olaizolaren film bat proiektatuko dute. Zuzendariak irudien eta poesiaren arteko zubi lana egingo du, 9 minutuko film laburrean. Ondoren, Maider Oleagaren bigarren filma eskainiko dute: Muga deitzen da pausoa. Elbira Zipitria Irastorza dago film horren erdigunean; hark sortu zuen, izan ere, eskola klandestinoa, Francoren diktadura sasoian bete-betean sartuta zegoela. XX. mendeko kulturgintzan zein politikan pertsona adierazgarria izan zen, baina “ezkutuan” geratu dena. Oleagak, filma egiteko, Zipitriari buruzko ikerketa egin du, eta 79 minutuko filma bera pertsonaia horrengana “gehiago hurreratzeko bidea” izan da.
Filmez gozatzeko aukeraz gain, egileekin solasean aritzeko aukera bikaina ere emango du Zinema Ean egitasmoak. Izan ere, Oleaga eta Montoya zuzendariak Eskolondon egongo dira, bertaratzen direnen galderei edota iruzkinei erantzuteko prest. Proiekzioetara sarrera doakoa izango da, aretoaren edukiera bete arte.
Zinema Ean:
- Apirilak 14, barikua (20:30): Irris (Maider Oleaga) eta Nola ikasi euskara (Juan Esteban Montoya).
- Apirilak 15, zapatua(20:30): Lur Olaizolaren film bat eta Muga deitzen da pausoa (Maider Oleaga).