"Zaintza lanak erdigunera" eroateari buruzko hitzaldia antolatu du EH Bilduk Gautegiz Artagan
Gautegiz Arteagako EH Bilduk Zaintza lanak erdigunera izeneko hitzaldia antolatu du apirilaren 14rako; 19:00etan Aretxederreta Kultur Etxean izango da zaintza lanei buruzko Emagin Elkartearen hitzaldia. Zehaztu dutenez, elkarteko kide Miren Arangurenek gaiaren inguruan kokatuko ditu bertaratzen direnak: “Zergatik datorren kezka Euskal Herriko Mugimendu Feministatik, zelakoa den egungo zaintza sistema edota zelakoak diren beste herri batzuetako zaintza ereduak adieraziko ditu, besteak beste”.
Elkarteak pentsamendu kritiko feminista sustatzen du, eta zaintza lanak antolatzeko moduei buruz ariko da hitzaldian. “Gaur egun zaintza lanak antolatzeko dugun moduak ez ditu gizartean dauden beharrak asetzen. Sistemak ez du gaitasunik biztanleriaren geruza askoren ongizatea bermatzeko eta datozen urteetan egoerak okerrera egingo duela iragartzen dute datuek, zaintzak beste era batera antolatzen ez baditugu behintzat”, azaldu dute EH Bilduko ordezkariek.
Herritarrei bertaratzeko deia egin diete koalizio abertzalekoek, “zaintzari buruz hausnartzea eta alternatiba errealak sortzea arteagar guztioi baitagokigu”.