Turismo mapa berria dauka Gernika-Lumok
Kartografia berriak udalerriko hiri eremu ia osoa islatzen du, eta 25 eraikin berezi eta monumentu jasotzen ditu, udalerriko hainbat eremu nabarmentzen laguntzeko. Bisitariei zuzendutako informazio paneletan ere irudi berria jarri dute.
Turismo plano berria estreinatu du Gernika-Lumok. Aurrealdean Gernika-Lumori buruzko datuak eskaintzen ditu, eta atzealdean, Urdaibairi buruzkoak. Plano berriagaz, turismo fluxuak udalerriko eremu gehiagotara banatu gura dituzte, baita eskualdeko leku gehiagotara ere. Izan ere, panelok eragin ekonomikoa sortzen laguntzen dutela dio Iñigo Magunagoikoetxea turismo zinegotziak, eta bisitarien batez besteko egonaldia luzatzen dutela ere bai.
Kartografia berriak udalerriko hiri eremu ia osoa islatzen du, eta 25 eraikin berezi eta monumentu jasotzen ditu, udalerriko hainbat eremu nabarmentzen laguntzeko. Besteren artean, Done Jakue bidea markatu dute, Errenteriatik Santa Luziara artekoa.
Donejakue Bideaz gain, herriko menu tradizionaleko eskaintza duten 11 establezimenduren kokapena ere bildu dute, koilara bategaz eta sardexka bategaz islatuta. “Establezimendu horiek estrategikotzat jotzen dira, udalerriko eskaintza gastronomiko osoari balioa emateko, besteak beste”, azaldu du Magunagoikoetxeak. Hala, turismo bulegotik igarotzen diren bisitariek herrian non jan eta ostatu hartu behar duten jakiteko informazio eguneratua lortuko dute. Horretarako, QR batek Gernikainfo.eus webgune berrira eroango ditu bisitariak.
QR batek Gernikainfo.eus webgune berrira eroango ditu bisitariak
Planoa orla batez inguratu dute, Gernika-Lumoko 13 puntu bisitagarri garrantzitsuenekin. Berrikuntza modura, Arane auzoan dagoen Itsasmendi txakoli upategi berria sartu dute: “Gernikarrentzat ere ezezaguna izan ahal den baliabidea”.
Kartografiaren atzealdean, Urdaibaiko ibilbideak eta baliabideak dituen plano bat ageri da. Hor ere, QR kode bat gehitu diote Urdaibaiko turismoaren webgune ofizialari eta mendi ibilbideen eskaintzari buruzkoa; proposatzen diren ibilbideak autoz egitekoak dira. “Eskuinaldeko ibilbidean, Santimamiñe, Urdaibai Bird Center, Laida eta Lagako hondartzak eta Elantxobe eta Ea herriak bisitatzea proposatzen dugu. Estuarioaren ezkerraldeko ibilbidean, berriz, Ekoetxea, Mundaka, Bermeo, Matxitxakoko itsasargia eta Gaztelugatxe bisitatzeko proposamena egiten diegu”, azaldu du Magunagoikoetxeak. Horietan guztietan, lau begiratoki nabarmendu dituzte: San Pedro Atxarre, Ereñozarreko San Migel, Ereñoko behatokia, eta Bizkaiko Balkoia.
Kartografiaren atzealdean, Urdaibaiko ibilbideak eta baliabideak dituen plano bat ageri da
Informazio panel berrituak.
Gernika-Lumok aspalditik ditu bisitariei zuzendutako informazio panelak, eta horietan ere plano berria jarri dute. Garraio publikoaren eremuetan eta aparkaleku inguruetan daude kokatuta panelak, eta eremu horiez gain, Batzarretxearen aurrean eta Andra Mari elizaren inguruan ere jarri dituzte beste bi euskarri. “Bi puntu estrategiko dira, udalerriaren goiko aldeko fluxuak merkataritza gunera eta azokara bideratzen laguntzeko”, azaldu du zinegotziak.
Turismo planoaren diseinu berria jasotzen dute euskarri horiek ere. Diotenez, udalerriaren turismo irudia “indartzen” dutelako. Magunagoikoetxeak dio turismo plano berria turismo bulegoarentzako “lan tresna” dela, eta Gernikako eta eskualdeko turismo sektorearen euskarria ere badela.
Izan ere, aurreko turismo planoa 2003an egin zen, eta udalerriaren %60 baino gutxiago hartzen zuen, planotik kanpo gune garrantzitsuak utziz. Goiko estuarioaren ibilbidea hasten den itsasadarraren ingurune naturala ez zen agertzen, ez eta Lumoko landa auzoa, San Pedro eliza, hiribilduko begiratokia, Santa Luziako auzo berria edota Done Jakue bidea ere. Leku horiez gain, planotik kanpo zeuden udalerriko sarrera eta irteerak, aparkalekuak, hilerria, itsasadarraren eremua eta Lorategietako eremua.