Pello Bilbao, gaixorik, Itzulitik kanpo
Arnas infekzio batek jota, Pello Bilbaok Itzulia Basque Country utzi behar izan du. Bahrain Victoriousekoak lortu du lehen etapako helmugara heltzea, baina bigarren etapan ez du irteera hartuko.
Itzulia Basque Country lasterketak etapa garaipenetarako eta sailkapen orokorrerako hautagai nagusietako bat galdu du: Pello Bilbao Lopez de Armentia gernika-lumotarrak lasterketa utzi behar izan du. Atzoko lehen etapa, Gasteiz eta Bastida lotu zituena, gogorra izan zen txirrindulari denentzat, baina batez ere Bahrain Victorious etxeko ziklistarentzat.
Tropelak Arabar Errioxako errepideen estutasuna, gorebeherak eta haizeteak sufritu baldin bazituen, Bilbaok are lan gaitzagoak eduki zituen mailari eusteko, arnasketagaz loturiko infekzio bategaz borrokan egin baitzuen etapa osoa. Bastidako helmugara Ethan Hayter Ineos Grenadiersko etapa garaile britainiarraren denbora berean ailegatzea lortu arren, ondorengo orduetan Bilbaok ez zuen lortu gorputzaldi txarrari buelta ematea, eta, ondorioz, gaurko bigarren etapan ez du irteera hartuko.
Etapan zehar, Bilbaok ahulezia zantzuak bistaratu zituen, uneoro tropelaren atzealdean kokaturik ibili baitzen; are gehiago, atzean geratuta ere aritu zen, gainontzekoen erritmoari jarraitu ezinik. Arratsaldean nahiz gauean, argitu dutenez, bere egoera fisikoak “dezente” egin zuen txarrera, eta horren kausaz erabaki zuten bere parte hartzea bertan behera uztea.
Bilbaoren hutsunea kolpe handia da bai bere taldearentzat, bai lasterketarentzat. Izan ere, Mikel Landa Meana murgiarragaz batera, Bahrain Victoriouseko liderretako bat zen Bilbao; era berean, itzulia poltsikoratzeko hautagaietako bat ere bazen. Galera horregaz, arabarra lider bakar izatera igaroko dela aurreratu dute taldetik.