Lointek Gernika Bizkaiak Erregina Kopako final laurdena lehiatuko du barikuan, Spar Gironaren kontra. Kataluniarrak dira, teorian, hautagaiak, baina gernika-lumotarrek "galtzeko ezer barik" jokatuko dutela adierazi dute.

Lointek Gernika Bizkaia denboraldiko helburu nagusietako baten ataritan dago: asteburuan Zaragozan lehiatuko den Erregina Kopa. Gernika-Lumoko taldea denboraldi bikaina egiten ari da, eta azken partiduetako emaitzak horren erakusle dira: azken sei jardunaldietatik bost irabazi dituzte, eta Cadi La Seu kataluniarren kontrako azken partidua baino ez dute galdu. Horrenbestez, taldeko kideak sasoi betean ailegatuko dira Erregina Kopako final laurdenetara; barikuan, Spar Gironaren kontra jokatuko dute, 18:00etan.
Lointekeko tantaldea hedabideen aurrean agertu da gaur Malosten, ohiko legez, media day-an. Bertan egon dira, besteren artean, taldeko entrenatzailea, Anna Montañana valentziarra, taldeko jokalariak, eta tantalde teknikoa. Gerardo Candinak hartu du hitza lehenik eta behin. Gernika KESBeko lehendakariak “taldekide guztien ilusioa” nabarmendu du: “Ezingo genukeen egoera hoberik eskatu, Erregina Kopako fase honetara ailegatzeko; taldekide denak gogotsu eta oso motibatuta daude, denboraldiko gailurretako baten aurrean baikaude”. Presidenteak aurreratu du “200 eta 300 zale artean” mugituko direla Zaragozara, eta marea granatearen “babes mugagabea” azpimarratu du: “Ez da batere erraza elitean 9 urte egitea eta, hori lortu baldin badugu, neurri handi batean zaleei esker ere izan da”.
Gerardo Candina: “200 eta 300 zale artean mugituko dira asteburuan Zaragozara”
Montañanak adierazi du azken urteetako “denboraldirik estuena” izaten ari dela aurtengoa. Izan ere, Emakumezkoen Endesa Liga amaitzeko hiru jardunaldiren faltan, sailkapeneko lehen zortzi taldeak 10 punturen barruan daude; Gernika bosgarren postuan kokaturik dago, 42gaz. Lidertza, gaur-gaurkoz, Valentzia BCren esku dago. Bigarren postuan, ostera, Erregina Kopan aurkari izango duten Spar Girona dago. Montañanak talde “arriskutsua” dela azaldu du: “Europa mailan oso sendo daude; beren indar fisikoa oso adierazgarria da. Dena dela, azken jardunaldiotan gorabeherak eduki dituzte. Egia da eurak direla hautagaiak, baina guk ez dugu galtzeko ezer“.
“Helburuak beteta”. Baliatu beharreko estrategia ere oso argi du valentziarrak: “Bai fisikoki, bai joko aldetik gu baino koskatxo bat gorago egon daitezkeenez, taldelana gako izango da; geure jokalarietako bakoitzak zer edo zer eman beharko dio gure jokoari. Inongo beldurrik gabe kantxaratuko gara, azken partidua bailitzan”. Aurtengo dinamikak, zentzu horretan, alde dituzte gernika-lumotarrek: 15 partidu poltsikoratu dituzte, eta play-offak lehiatzeko lehian bete-betean murgilduta daude. Hain zuzen ere, ligan beste partidu bat irabazteak play-offetan sartuko luke taldea. “Helburuak beteta iritsiko gara Erregina Kopara, baina den-dena emateko prest. Ez dugu espekulatuko; hasieratik garaipenaren bila aterako gara”, adierazi du entrenatzaileak.
Itziar Ariztimuño: “Taldeari emateko asko du, eta aurten lortu dudan mailari eusten ahaleginduko naiz”
Cadi La Seuren kontrako partiduan porrot gogorra jaso zuten Malostekoek, 58-68ko markagailuagaz. Bost garaipen erreskadan lortu ostean, porrot horrek “zenbait zalantza” sortu dizkiela azaldu du Itziar Ariztimuñok: “Psikologikoki eragin zigun arren, geure jokoak erakusten du maila handian gaudela, eta pentsamolde horri eutsi behar diogu”. Jokalari bilbotarra bere denboraldirik onena egiten ari da, baina ez du “presio erantsirik” sentitzen: “Taldeari emateko asko dut, eta aurten lortu dudan mailari eusten ahaleginduko naiz”.
Roso Buch: “Hirutan lehiatu dut Erregina Kopa Spar Gironagaz, badakit nola jokatzea interesatzen zaien”
Bestalde, Roso Buch kataluniarra giltzarri izan daiteke final laurdenetan; izan ere, Spar Girona oso hurretik ezagutzen du. “Hirutan lehiatu dut Erregina Kopa eurekin, eta badakit nola jokatzea interesatzen zaien. Argi dago presioa beraien lepotan dagoela; hori geure alde baliatu dezakegun zerbait da. Une honetan, liga albo batera utzirik dugu, eta kontzentrazio guztia Erregina Kopan ipinita daukagu”.
Mediku alta, azkenean. Bost hilabete baino gehiago min hartuta eman eta gero, Marta Alberdi gernika-lumotarrak medikuaren alta jaso du, eta entrenamendu saioetara berriro sartzen ari da. Alberdi albisteagatik “oso pozik” azaldu da, baina, era berean, “penatuta” ere bai: “Zaragozan, joko aldetik, ez dut ezer aportatzerik izango, eta horrek asko tristetzen nau. Dena dela, taldekideen alboan egongo naiz, behar duten babes guztia emateko asmoz. Tarte honetan guztian, saskibaloia beste ikuspuntu batetik ikusten ikasi dut. Baita ondo eta txarto egoteko barne prozesuak kudeatzen ere”.
Marta Alberdi: “Taldearen dinamiketan sartzen ari naiz, baina fisikoki oso urrun nago jokatzekoa beharrezkoa den mailatik”
Horrez gain, Gernika-Lumoko jokalariak adierazi du “oso gaitza” izango dela denboraldiari geratzen zaion tartean berak minutuak edukitzea. “Taldearen dinamiketan sartzen ari naiz, baina fisikoki oso urrun nago jokatzeko beharrezkoa den mailatik. Nolanahi ere, azkenengo jardunaldietan jokatzeko aukera edukiko banu, uste dut taldeari freskotasuna eta ilusioa eman ahalko nizkiokeela, baina, egia esan, ez dut batere erraz ikusten aukera hori”.