Skooterrean, Urdaibaiko txoko ezkutuak ezagutuz
VI. Skooterada egin dute gaur. Busturialdeko zenbait udalerrietatik ibili ostean, Gernika-Lumoko Pasealekuan batu dira eta bertako babeslekua bisitatu dute. Jarraian, San Juan Ibarran borobildu dute euren eguna motozaleek.
84 motozalek Urdaibaiko txoko txiki bezain ederrak ezagutu dituzte gaur. VI. Skooterada topaketan elkartu dira motozaleak, eta euren vespa, lambretta edo motoen gainean jarrita, Urdaibain barrena ibili dira, hango eta hemengo bizilagunen arreta berenganatuz.
Eguraldi ederra lagun izan dute, baita giro paregabea ere. Izan ere, pandemiaren ondorioz bertan behera egon den Skooterada berreskuratu du Iñaki Olano antolatzaileak, eta 2019ko parte hartzaile kopurua ia berdindu dute aurtengoan.
Martxoaren amaieran egin ohi dute topaketa, eta skooter motoen topaketen egutegian lekua daukan eguna da. Izan ere, Bizkaiaz haratagoko parte hartzaileak erakarri ditu oraingoan ere. Skooter motoen jabeak ez ezik, bestelako modeloak dituztenak ere bertaratu dira topaketara, eta “sekulako lekuak” bisitatu dituztela adierazi dute.
Ohiko lekuetatik ihes egin, eta horren ezagunak ez direnak bisitatu dituzte, eta pozik geratu dira parte hartzaileak. Antolatzaileak ere balorazio positiboa egin du, “egun ederra” izan delako.
Aurten, 2020rako prest zuten 40 kilometroko ibilbidea osatu dute. Hala, 10:00etan Muxika eta Gernika-Lumo arteko gasolindegian elkartu dira, eta handik Berroja auzora joan dira, Agirrebeko upategia bisitatzeko. Gero, Ajuriarantz abiatu dira, Urrutxu igaro eta Mendatako Zarrabenta auzora jaisteko. Mokadua hartu eta Arratzutik Nabarnizerantz joan dira, Oma zeharkatzeko. Handik udalerrira hurreratu dira.
Ibilbide hori Marokoko 4L Trophyko parte hartzaile Andoni Larrinaga eta Ibon Malaexetxebarriagaz batera osatu dute.
Gernika-Lumora heltzerakoan, Pasealekuko babeslekua bisitatu dute Gernikazarrako Vicente del Palacioren eskutik, eta San Juan Ibarrako Plazakoara joan dira gero.