Olatz Arrizabalagak eta Uxue Osesek Amaia Aldairen eta Nora Mendizabalen kontra jokatuko dute, domekan, binakako MLK txapelketako finala, Zarautzen.
Olatz Arrizabalaga gernika-lumotarrak, Uxue Oses oñatiarragaz bikote eginez, binakako Master Laboral Kutxa txapelketako final handia jokatuko du domekan, 12:00etatik aurrera, Amaia Aldai dimoztarraren eta Nora Mendizabal andoaindarraren kontra. Denboraldiko helburu garrantzitsuenetako baten atarian dago Gernika-Lumoko aurrelaria, eta “konfiantzaz” ageri da, finala “gogorra eta borrokatua” izan den jakitun den arren.
Arrizabalagak azken astean ez du partidurik jokatu; etenaldi hori prestakuntzarako eta atsedenerako baliatu du. Oraindik urduritasunik nabaritzen ez baldin badu ere, domekan “tentsio handia” egongo dela adierazi du. Oses izango da, azkenean, bere bikotekidea, finalaurrekoetara arte atzealdeko koadroetan Andrea Capellan errioxarra lagun eduki arren. Izan ere, legediak ezartzen du finalerdian finalerako txartela eskuratzen duen pilotariari dagokiola azken partidu hori jokatzea. Horrexegatik ariko da beragaz batera Andoaingo atzelaria.
Aurten askotan jokatu du Arrizabalagak Osesegaz eta, zentzu horretan, “bikain” ulertzen dute elkar. Nolanahi ere, azaldu du jokoaren dinamikak eralda ditzakeela azken orduko aldaketa horrek: “Capellan, zer edo zer izatekotan, atzelari jotzailea eta dominatzailea da; Oses, aldiz, eutsi eta eutsi egiten duen atzelaria da, erresistentzia handikoa. Estilo aldaketa horren aurrean, geure planteamendua aldatu beharko dugu”.
Olatz Arrizabalaga: “Oses eutsi eta eutsi egiten duen atzelaria da, erresistentzia handikoa”
Gustuko kantxa. Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuak hartuko du finala. Arrizabalagak badaki zer den bertan jokatzea, eta “gustuko duen kantxa” dela adierazi du: “Nahikoa bizia da, aurrelarien jokorako egokia; zentzu horretan, dezente egokitzen zaidala uste dut, baina baita Aldairi ere”. Finalean atzelarien jokoa nabarmenduko dela azaldu du. Mendizabal moduko atzelari indartsu baten aurrean, gernika-lumotarrak argitu du beharbada koadro batzuk atzerago mugitu beharko dela, “Osesi zenbait pilotakada kendu, asistentzia egin, eta hura jokotik apur bat libratzeko”.
“Aldaik eta Mendizabalek bikote oso jotzailea eta oldarkorra osatzen dute”
Era berean, sakeak “esangura oso handia” eduki dezakeela aurreratu du. Partidua poltsikoratzeko formulari dagokionez, argi eta garbi du: “Orain arte egin izan dugun legez, edozer gertatuta ere, geure jokoari eutsi beharko diogu; horregaz batera, prest egon beharko gara aurkarien erasoaldien aurrean bare jokatzeko, bikote oso jotzailea eta oldarkorra osatzen baitute Aldaik eta Mendizabalek.