27 egur lote banatu ditu Nabarnizko Udalak
Banatu diren egur loteak lurrean zabal daude zatituta, eta zortedunak egokitu zaion lotea batu beharko du. Zuhaitzen banaketak eta mozketak 2.805 euroko aurrekontua izan du.
Azken sei urteetan egin modura, sutara botatzeko egurra herritarren artean banatu du Nabarnizko Udalak. Herriko mendi publikoetan lortutako 27 loteak zozketa bidez banatu ditu izena eman duten 19 herritarren artean; iaz 26 lote zozkatu zituzten. “Eskaera egin dutenak baino lote gehiago egon direnez, zortzi eskatzailek bi lote jaso dituzte”, adierazi dute udal agintariek.
Banatuko diren egur loteak lurrean daude zatituta, eta zortedunak egokitu zaion lotea batu beharko du. Horretarako, egur loteak non dauden azaldu diete udal arduradunek. “Joan den zapatuan erakutsi genizkien loteak zortedunei, mendira ibilaldi txiki bat eginda, eta eskura emandako plano txiki baten bidez”, diote.
Herriko mendi publikoetan dauden lursailetan egin dituzte mozketak, eta jakinarazi dutenez, 30 urteeko pagadi horretan bigarren entresaka egin dute. Hain zuzen ere, zuhaitzak tartekatu eta itxura edo egoera txarrenean daudenak moztu dituzte. “Hazi ahal izateko, zuhaitzek espazio gehiago behar izaten dute, baita eguzki gehiago ere. Hala, batzuk kendu ditugu ondo daudenek espazio gehiago izateko”, azaldu dute. Gainera, mozketekin energia ekologikoaren erabilera bultzatzea ere bada udalaren asmoa, baita egurra aprobetxatzea ere.
Mozketak egiteko zuhaitz markatzea Bizkaiko Foru Aldundiko basozainek egin dute, udaleko arduradunak lagunduta, eta baso lanetan diharduen enpresa batek moztu ditu. Lanok egiteko udal aurrekontua 2.805 eurokoa izan da.