San Fidel Ikastolak garaipena lortu du First Lego League txapelketan
Hiru talde aurkeztu dituzte lehiaketara, eta Sanfitek_Land taldeak lau sari poltsikoratu ditu: lehen eta bigarren postuak, robot onenarena eta portaerarik onenarena. Bestalde, Bermeoko Sagrado Corazon Ikastetxeko Bermibot Omega taldea bigarren geratu da baloreen sailean.
San Fidel Ikastolak gazteen artean zientziarekiko nahiz teknologiarekiko interesa zabaltzea jomuga duen XIII. First Lego League txapelketan garaipena eskuratu du. Hiru talde aurkeztu dituzte lehiaketara: Sanfitek_Land, Sanfitek_Hydro eta Sanfitek Fire. Denak maila handian aritu diren arren, lehendabizikoak lau sari irabazi ditu, tartean, txapelketako lehen eta bigarren postuak; horrez gain, robotaren diseinurik onenaren sarioa eta taldekako portaerarik onenarena ere eskuratu ditu Sanfitek_Landek.
Parke autosufiziente baten diseinuan oinarritu du Sanfitek_Landek bere proiektua
Taldeak umeentzako eta adinekoentzako parke autosufiziente baten diseinua aurkeztu du; parke horretan, jolasak edota ariketak egiteko elektrizitatedun makinak irudikatu dituzte. Hori horrela, goizean zehar pilaturiko energia elektrikoa gorde egin daiteke, gauez parkearen argiztapenerako erabiltzeko. Proiektu horrek Nation Innovation Award saria ere jaso du. Sanfitek_Hydro taldeak etxeko autokontsumora bideraturiko eta ur murrizketari aurre egiteko sistema sortu du: batetik, euri ura jaso eta pilatzeko sistema ondu dute; bestetik, ur horren filtrazio bidea jorratu dute, ostean ur ponpa bategaz berriro etxeetara bueltatzeko.
Sanfitek Fire taldeak, berriz, kiroldegien kostu energetikoa murrizteko proposamena aurkeztu du. Proposamenaren ardatza erabiltzaileen jarduna da; izan ere, beren esfortzu fisikoagaz sorturiko energia mekanikoa energia elektriko bihurtuko da, makinetan instalaturiko alternadoreen bitartez. Ondoren, energia hori guztia bateria batzuetan gordeko da, jarraian kiroldegiko sare elektrikoa hornitzeko.
Onenen artean. Bermeoko Sagrado Corazon Ikastetxeko ikasleek ere parte hartu dute First Lego Leaguen. Hain zuzen ere, zentro horretako Bermibot Omega taldeak bigarren postua eskuratu du baloreen sailean.
First Lego League Euskadi mailan STEAM hezkuntzazko erreferentziazko lehiaketa da, eta lau oinarri ditu ardatz: aurkikuntza, berrikuntza, taldelana eta inklusioa. Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatuta dago txapelketa hori, eta hainbat erakunderen babesa du.