Gazteen bizi baldintza duintzeko lanketan sakonduko dute
Ernairen 10 urteurrena ospatzeko, Bermeo eta Gernika-Lumoko Ernaik eskualde mailako eguna prestatu dute zapaturako, Gernika-Lumoko Harizpe Txokoan. 'Dana aldatzen gabiz' lelopean, gazteen bizi baldintzak duintzeari buruzko lanketan sakonduko dute.
Martxoaren 2an 10 urte bete zituen Ernai Gazte Antolakundeak, eta urte horietan guztietan udalerriak zein Busturialdea “sozialismotik, feminismotik eta euskaltzaletasunetik eraldatzeko” erabakia hartu dute eskualdeko militanteek, betiere Euskal Herriaren independentziarak “borroka presente” izanda.
Hala, 10 urteurrena ospatzeko, Bermeo eta Gernika-Lumoko Ernaik eskualde mailako eguna prestatu dute zapaturako, Gernika-Lumoko Harizpe Txokoan. Dana aldatzen gabiz lelopean, gazteen bizi baldintzak duintzeari buruzko lanketan sakonduko dute, izan ere, euren esanetan, “lan baldintzen prekarizazioak eta bizitzaren garestitzeak etorkizun duinerako espektatiba falta errotzea eragin dute”.
Hori dela eta, langile eta gazte guztien bizi baldintza duinen alde “kolektiboki hausnartzeko eta borrokatzeko” unea dela uste dute. Ondorioz, biharkoa hausnarketarako eguna izango dela diote, baina baita hamarkada osoan zehar egindako ibilbidea ospatzekoa ere.
Gazte Topagunerako deia. Urteurrenaren eguna ospatzeaz gain, apirilaren 6tik 9ra bitartean, Gazte Topagunea antolatu du Ernaik Elorrion, Bizitzeko Modu Bat aldarripean. Hitzaldiak, kontzertuak, mahai inguruak, tailerrak eta beste hainbat formakuntza zein aisialdi eskaintza egongo dira. “Topalekua bizitzeko modu baten alde apustu egiten duten milaka gazte batuko dituen espazio autogestionatua izango da”, adierazi dute.
Euskal Herriko herri eta txoko askotan egin modura, Busturialdean ere aurkeztuko dute Gazte Topagunea, martxoaren 31n; laster emango dituzte xehetasunak Twitter eta Instagram kontuetan.
Egitaraua.
11:30. Hitzaldia: Zeintzuk dira gazteon lan eskubideak? Sofia Montero.
13:00. Hitzaldia: Gazteak eta etxebizitza problematika. Alternatibak eraikitzen Karlo Renedogaz.
14:30. Bazkaria: izen-ematea Gernikako Arrano Tabernan edo Instagram bidez (@ernaigernika, @ernaibermeo).
16:30. Mahai-ingurua: Gazte sortzaileak. Leire Vargas, Koldo Gezuraga eta Janire Arrizabalaga.
19:00. Kontzertu akustikoa Arranon: Izaro Bilbao eta Ane Mei Aspiazu.