Euskal derbia eta play-offen lehia, bat eginik
Lointek Gernika Bizkaiak Kutxabank Araskiren kontra euskal derbia jokatuko du bihar, 18:30etik aurrera, Malosten. Emakumezkoen Endesa Ligako 25. jardunaldiko norgehiagoka izango da, eta talde biak zuzeneko aurkariak dira.
Lointek Gernika Bizkaiak egoera eztienetako batean helduko dio asteburuko euskal derbiari. Azken hiru partiduetan hiru garaipen eskuratu ondoren, denboraldiko tarterik esanguratsuenetako batean sartu dira, eta bihar edukiko dute estreinako geltokia, Kutxabank Araski talde gasteiztarraren kontra. 18:30etik aurrera, Malosten jokatuko dute Anna Montañanarenek Emakumezkoen Endesa Ligako 25. jardunaldiko partidua. Arabarrak zuzeneko aurkari dituzte gernika-lumotarrek, play-offetako lehian bete-betean sarturik; horrez gain, beharrekoa dute sentsazio onen boladari jarraipena ematea, Erregina Kopari motibazioagaz heltzeko.
Azken jardunaldietako zifrak eta puntuen average-a alde ditu Gernikak
Gaur-gaurkoz, hainbat talde daude ligako lehen zortzi postuetan sartzeko borrokan murgilduta, eta, horrenbestez, ez dago arerio txikirik. Nolanahi ere, Lointekek azken jardunaldietako zifrak alde ditu: 13 garaipen eta 11 porrot dituen talde bakarra da, momentuz. Taulako bederatzigarren sailkatua Movistar Estudiantes da, eta garaipen biko errenta dute talde horrekiko. Gainera, puntuen average-a ere alde du Gernikak. Hain zuzen, hori ere alderdi erabakigarria izan daiteke denboraldi amaieran, sailkapeneko berdintasuna hain handia izanik. Zentzu horretan, Kutxabank Araskiren aurka Mendizorrotzako partiduan jasotako hamabi puntuko aldea murrizteak ogibide oso gaitza dirudi, baina, etxean jokatuta eta Malosteko zaleen berotasunagaz, edozer da posible.
Azken partidua Perfumerias Avenidaren aurka 83-46 galdu arren, Araskik goi-mailako lantaldea du
Denetariko jokalariak. Gasteizko taldeak Gernika-Lumokoen aurkako ibilbidea egin du azken jardunaldietan. Izan ere, Perfumerias Avenidaren kontra Salamancan, ligako 27. jardunaldi aurreratuan, 83-46 galdu ostean iritsiko dira Malostera. Oro har, sasoi nahasia da arabarrentzat: garaipen sendoak baina ustekabeko porrotak jasotzen ari dira. Lantaldea, dena dela, goi-mailakoa daukate: Lointekeko jokalari ohi Maria Asurmendi eta Florencia Chagas nabarmentzen dira. Kanpoaldeko jokoaren ardura Tanaya Atkinson eta Natalie Van de Adelena izango da. Eurekin batera, Txell Alarcon, Agostina Burani edota Maimurra Anitta Holopainen jokalari arriskutsuak dira, batik bat, jaurtiketei begira, Chatrice White pibotaz gain.
Hortaz, partidu lehiatua eta gogorra izateko osagai guztiak mahai gainean daude. Euskal derbiak berez daukan tentsioari, gainera, play-offetarako lehiak beregain dakarren lehiakortasuna gehitu beharko zaio. Talde gernika-lumotarrak azken jardunaldiotako dinamika baikorrari eustea bilatuko du eta, era berean, distantzia luzeko jaurtiketak baliatuko dituzte, Araskiri eraso egiteko.