"Denon laguntzarik barik, berdintasunaren motxila ez da inoiz mugituko"
Zapi moreak jantzita, Gernika-Lumoko ikastetxeetako 800 ikaslek baino gehiagok, parekidetasunean eta berdintasunean oinarritutako ikaskuntzaren alde egin dute.
Berdintasunean hezitzea eta parekidetasunean eta berdintasunean oinarritutako ikaskuntzaren alde egin dute gaur Gernika-Lumoko ikastetxeetako 800 ikaslek baino gehiagok. Zapi moreak jantzita zituztela bertaratu dira Pasealekura, eta nesken eta mutilen berdintasunaren alde egin dute.
Indarrak batu dituzte Allende Salazar Herri Ikastetxeko, Barrutialdeko, Barrutia BHIko, Mertzede Ikastolako, San Fidel Ikastolako, Seber Altube Ikastolako eta Gernika BHIko ikasleek, eta berdintasunaren eta parekidetasunaren aldeko euren konpromisoa erakutsi dute.
Ikasleek adierazi dute emakume heldu eta adituak izan ohi direla Martxoaren 8ko manifestuak idazten dituztenak, eta salatu dute “beti gai politiko eta sozialak lantzen dituztela”, gazteen bizipenak eta iritziak “alde batera” utziz. Horregatik, euren ikuspuntua kaleratu dute gaurkoan: “Hau ez da gure iragana begiratu eta negar egiteko eguna, iraganera begiratu eta aurrera jarraitzeko eta gure lekua berreskuratzeko eguna da, indarrak batu eta kontzientziak piztekoa”.
Martxoaren 8ak batu ditu ikasleak, eta egunerokotasunean “sarritan ahazten” dituzten munduko emakumeen errealitateak ezagutu dituzte. Gaurko egunean, gainera, emakumeak baztertuak izan diren “leku guztietara” horien presentzia eta ahotsa eramango dutela “ozen” adierazi dute. “Genero estereotipo guztien kontra egiteko batu gara, eta bide honetan aurretik euren ahotsa altxatu duten emakume guztiekin bat egiten dugula adierazi gura dugu, izan ere, gu gara enbor horren adar berriak”.
Desberdintasunak salatzeaz gain, emakumeak egin dituzten ekarpenak eta mundu osoko emakume erreferenteak gogoratu eta aipatu nahi izan dituzte. Ez direla “transparenteak” esan eta euren lekua aldarrikatu dute liburuetan, kiroletan, jaietan, zein bizitzako eremu guztietan: “Ez dezagun ahaztu, berdintasun eza ez da berez sortzen, egin egiten dugu. Beraz, aldatu dezagun hori, eraiki dezagun berdintasuna denon artean”.
Berdintasunaren motxilaren jabeak “beti” emakumeak izan direla adierazi dute, baina motxila horren pisua “handiegia” da alde bakar batetik tiratzeko: “Denon laguntzarik barik, motxila hori ez da inoiz mugituko. Urteetan zehar, esan beharrekoak esan ditugu, eta orain ekiteko garaia da. Nekatuta gaude etxera bakarrik joan ezin izateaz, uneoro norekin gauden esan behar izateaz; jaietan, nahi dugun lekuetatik askatasunez ibili nahi dugu, ez gaude beldurtuta, zuetaz nazkatuta baizik”.
Ikastetxe “seguruak”. Denontzako “ikastetxe seguruak” eraiki gura dituzte, aukera berdintasunean hezi eta hazteko ikasguneak. “Guk ere badakigu eta gai gara futbolean, saskibaloian zein edozein kiroletan taxuz aritzeko. Jolasorduetan espazioak eta jokoak partekatzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, jokoek ez daukatelako sexurik”.
Halaber, emakumeen itxuraren jabe eurak direla adierazi dute, eta lagunak aukeratzeko eskubidea aldarrikatu dute. “Bakoitzak bere lagunak aukeratzen ditu edozein adinetan. Neskok ere lagunak aukeratzeko eskubidea dugu”, aldarrikatu dute.
Emakumeen formakuntza “arlo guztietan” sustatzearen beharraz jabetuta, euren lekua aldarrikatzearen beharra plazaratu dute: “Guk ez badakigu gure lekua zein den, beste inork ezin du jakin. Gizarte patriarkalak eta matxistak ezartzen dizkiguten estereotipoetatik aska gaitezen. Gora borroka feminista”.