MLK txapelketako hautagaitza berretsiz
Olatz Arrizabalagak eta Andrea Capellanek binakako MLK txapelketako ligaxkako azken partidu biak nagusitasunez irabazi dituzte. Asteburuan, lehiaketako finalerdietan egongo dira, Leire Garai eta Enara Gaminderen aurka.
Olatz Arrizabalaga eta Andrea Capellan sasoiko daude. Asteburuan binakako Master Laboral Kutxa txapelketako ligaxkako partidu bi jokatu dituzte, eta bietan nagusi agertu dira gernika-lumotarra eta errioxarra. Txapelketa porrot bategaz hasi baldin bazuten ere, bikoteak lehiaketari neurria hartu dio, eta, egun, hautagai nagusi diren bi bikoteetako bat dira Arrizabalaga eta Capellan.
Berez, asteburuan partidu bakarra jokatzea zeukaten aurreikusirik baina, lehiaketako lehen jardunaldi ofizialean jokatu ez zutenez, datorren asteburuko finalaurrekoak orduko geratzen zitzaizkien bi partiduak lehiatzeko azken aukera zen joan den asteburukoa. Zapatuan, Eskoriatzako udal pilotalekuan jokatu zuten, Leire Garairen eta Enara Gaminderen kontra, eta 9-22 nagusitu ziren. Sakeak “egundoko esangura” eduki zuela azaldu du Arrizabalagak: “Capellan ez zegoen egoera fisikorik onenean eta, hortaz, sakeak ahalik eta hoberen egitea bilatu nuen, arlo horretan min handia egin nezakeelako; horrez gain, airera edota erremateetara ere asko sartu nintzen, eta Capellani pilotarik erosoenak utzi nizkion, larregi sufri ez zezan”. Izan ere, atzelari errioxarra eskuetatik makal dabil azken jardunaldiotan, min hartuta; gainera, asteburuan sukarragaz ibili da, eta, beraz, “ez du asteburu erraza eduki”, Arrizabalagaren arabera.
Olatz Arrizabalaga: “Andrea Capellan ez da egoerarik onenean egon, eta ez du asteburu erraza eduki”
Domekan, Asteasuko Usarrabi frontoian eduki zuten beren bigarren geltokia bi pilotariek. MLK txapelketa irabazteko beste hautagai nagusien kontra aritu ziren: Amaia Aldai eta Nora Mendizabal. Partidu hasiera lehiaturen ostean, Arrizabalagak eta Capellanek “uste baino garaipen errazagoa” poltsikoratu zuten: 8-22. Aurrelariak argitu du Aldaik “ez zuela egunik distiratsuena eduki”, eta bere mailatik behera aritu zela. Era berean, Mendizabal andoaindarra ez zen gainontzeko partiduetan bezain jotzaile azaldu. Hori dela eta, Arrizabalagak eta Capellanek garaipen zapaltzailea eskuratu zuten.
“Domekakoa pentsatzen duguna baino partidu lehiatuagoa izan daiteke”
Aurkari txikirik ez. Finalaurrekoa, datorren asteburuan. Ligaxka ez zuten gura moduan abiatu, baina “gora eta gora” egin dute jardunaldiz jardunaldi, finalerdietara iritsi arte. Domekan, 12:00etan, Laudioko frontoian jokatuko dute Garai eta Gaminderen kontra. Helburu bakarra dute: irabaztea. “Teorian, gu gara hautagaiak, baina Garaik eta Gamindek ez dute galtzeko ezer, eta dena ematera aterako dira. Beraz, pentsatzen duguna baino partidu lehiatuagoa izan daiteke”.