Erizainen lanari esker ona adierazten
Bermeoko Erroxape Emakumeen Elkarteak erizainak omenduko ditu martxoaren 10ean 19:00etan egingo duten ekitaldian; horretan, narrazio laburren lehiaketako sariak ere banatuko dituzte.
Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, Bermeoko Erroxape Emakumeen Elkarteak herriko emakumeen kolektibo bat aukeratzen du, eta omenaldi txiki bat eginez, beraiek egindako lanari esker ona adierazteko ekitaldia egiten dute.
Pandemiaren osteko lehen ekitaldia izanik, oraingoan, erizainak omentzeko erabakia hartu dute. Hala, adin desberdinetako eta erizain lan desberdinak egin eta egiten dituzten bi erizain ordezkari egongo dira datorren barikuan (martxoak 10), 19:00etan, Erroxapek Erretenen duen egoitzan.
Bertaratzen direnek bi erizain horien esperientziak ezagutzeko aukera edukiko dute. “Pandemia osteko lehenengo ekitaldia izanik, aukera ona ikusi genuen erizainak omentzeko”, dio Erroxapeko presidente Bernar Santosek.
Beste aukera bat ere bazeukaten buruan. Izan ere, Erroxapeko Abesbatzak 25 urte egingo ditu aurton, eta musikariak omentzea ere pentsatu zuten. Gaineratu du irakasleak ere badauzkatela buruan hurrengo baterako.
Denetara, hamalau lan. Erizainen esperientziak entzun ostean, kontakizun laburren lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egingo dute; aurten, lehiaketa egiten duten 24. aldia da.
Euskarazko zein gaztelaniazko narrazioak aurkeztu daitezke lehiaketara, eta oraingoan, kategoria bakoitzerako zazpi lan aurkeztu dituztela esan du elkarteko presidenteak. Lanak, orain, epaimahaikideen eskuetan daude. Euskarazko zein gaztelaniazko lehenengo saridunek 250 euroko saria eta oroigarria jasoko dituzte saritzat, bigarrenek 150 euro eta oroigarria eta finalistek oroigarria.
Aurrekoetan egin izan duten modura, aurten ere, elkarteak antolatzen dituen ikastaroetan egiten dituzten lanak ikusgai jarriko dituzte, Nestor Basterretxea aretoan. Gaur bertan zabalduko ditu ateak, 18:00etan. Martxoaren 9ra bitartean bisitatu ahal izango da, aste bitartean 18:00etatik 20:00etara eta zapatuan eta domekan, berriz, 12:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:00etara.
Martxoaren 7an (martitzena), berriz, Figuras Ocultas filma ikusteko aukera eskainiko dute Erroxapekoek. 19:00etan jarriko dute filma euren egoitzan, eta elkarregaz martxoaren 8a ospatzeko, martxoaren 11n (zapatua) batuko dira bazkaritan, Bermeoko Kafe Antzokian.
Mota askotako jarduerak. Ia 500 bazkide ditu Erroxape Emakumeen Elkarteak, eta presidenteak azaldu duenez, emakumeak etxetik ateratzea dute helburu: “Etxetik kanpo beste gauza batzuk egin, ikasi eta ezagutzeko aukera izan dezaten. Beste horiek egiteko gai ere badirela konturatzea gura dugu”.
Horretarako, elkarteak mota askotako tailerrak, hitzaldiak, irteera kulturalak, film emanaldiak… antolatzen ditu. Horietako batzuetan, hala ere, parte hartzea “ez dela horren handia izaten” dio, beraz, herritarrak animatzen ditu parte hartzea.
Elkarteko presidenteak gogorarazi du Erroxape Emakumeen Elkartea gazte zein nagusientzako elkartea dela, eta adin guztietako bazkideak daudela: “Askok uste dute adinekoentzako elkartea dela”.