Ajangizko ludoteka zerbitzu gidatua martxan dago berriro
Denetariko ekintzak antolatu dituzte barikuetarako, 17:30etik 19:00etara bitartean egiteko. Ekintza horietara bertaratzen diren umeak begirale baten zaintzapean egongo dira.
Pandemiaren ondorioz itxi zuten ludoteka zerbitzu gidatua Ajangizen, eta, otsailean, martxan jarri zuten berriro. Kultur etxeko ludotekaren gunea irekia den eta kultur etxera doan edozein umek erabil dezakeen arren, ludoteka gidatua jarri dute martxan orain. Hala, denetariko ekintzak antolatu dituzte barikuetarako, 17:30etik 19:00etara bitartean egiteko, eta ekintza horietara bertaratzen diren umeak begirale baten zaintzapean egongo direla adierazi dute.
“Ludoteka espazio modura beti egon da, irekia ta kultur etxera datorren edozein umek erabili ahal izan dute. Ludoteka gidatua desberdina da; ordutegi bat dago, baita proposamen bat eta dinamizazio bat ere”, adierazi dute arduradunek.
COVID aurretik barikuetan elkartzen ziren, baina pandemia geroztik itxita egon da, eta urte berriagaz aukera hori berrezartzea erabaki zuten: “Aukera berrezartzea pentsatu genuen, batez ere kultur etxean gehien parte hartzen duten herritarrak umeak direlako, eta, askotan, margozteaz edo ordenagailua erabiltzeaz aparte, ez zutelako jakiten zer egin”. Umeek eurek eskatzen zutela “dinamizazio bat” adierazi dute arduradunek, eta zerbitzu hau eskaintzea “garrantzitsua” dela diote, “aisialdi desberdin bat eskaintzeko eta herriko umeak harremantzeko zein aktibo mantentzeko”.
Urtarrilean otu zitzaien ideia, eta otsailean aurkeztu zuten lehen egitaraua, inauterien aitzakiagaz. “Ludotekaren baitan mila aukera daude eta aprobatxatu nahi izan dugu umeekin gauza desberdinak lantzeko: irudimena eta sormena, elkarlana eta laguntza, emozioak, gailu teknologikoetatik deskonektatzea, ariketa fisikoa egitea…”, adierazi dute. Horiek guztiak lantzeko bide desberdinak jorratzen dituzte, tartean esku lanak, taldeko jolasak, kirola eta ilustrazioa.
Horiez gain, helduentzako ekintza kulturalak ere eskaini gura izan dituzte, eta zenbait ekintza prestatu dituzte horretarako; hilabete honetan, esaterako, Busturialdeko Amaiur Arronategi artista gonbidatu dute, bere lana aurkeztera.
Ekimen berria da, herritarrei hilabete bakoitzeko eskaintza “modu argi eta ordenatuan” eskaintzeko aukera ematen du, baita kultur etxean antolatzen diren ekimenei jarraikortasuna emateko aukera ere. Hala, zerbitzua udara arte mantentzea aurreikusi dute, ludoteka uztailaren erdian ixten delako.