Elizalde Barri frontoiaren inaugurazioa, zapatuan
Muruetako Elizalde Barri frontoiaren inaugurazio ekitaldia egingo dute zapatuan. Iker Aranburu Muniategik ohorezko sakea egingo du, eta jarraian hainbat kategoriatako esku pilota partiduak egongo dira.
Iazko apirilean hasitako lanak bukatuta, Muruetako Eleizalde Barri pilotalekuaren berrinaugurazio ekitaldia egingo dute datorren zapatuan, 17:00etan hasita. Kanpantxua auzoko pilotaleku eraberrituan egongo da, besteren artean, Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua, Muruetako Udaletik adierazi dutenaren arabera. Ia urtebetez, Muruetako frontoia obretan murgilduta egon da eta, besteak beste, mendebaldeko atea zarratu dute, eta aldagelak nahiz komun publikoak ipini dituzte. Eraikinaren kanpoaldean ere aldaketak egin ditu Muruetako Udalak, eta argiteria ere aldatu du. Argi berriak, aurreratu zutenaren arabera, “eraginkorragoak eta jasangarriagoak” dira.
Zapatuan, herriko kirolari batek edukiko du frontoi berrituan ohorezko sakea egiteko aukera: Iker Aranburu Muniategi pilotariak. Ondoren, hainbat kategoriatako esku pilota partiduak egongo dira. Gaztetxoek abiatuko dute ikuskizuna. Antolatzaileek argitu dute Bizkaia eta Gipuzkoa arteko partidua izango dela: Bengoetxea II.a eta Goikoietxea Ansola eta Urrestillaren kontra. Jarraian, emakumezkoen txanda izangho da, Lea Ibarra Motrollo pilota elkarteak antolatuta. Olatz Arrizabalaga gernika-lumotarrak, Enara Anitu aulestiarragaz batera, Olatz Beitia lekeitiarraren eta Enara Gaminde dimoztarraren kontra jokatuko dute bikotekako partidua.
Profesionalen partidua. Aurkezpen eguneko hirugarren eta azken partidua profesional mailakoa izango da, Baiko Pilotako pilotariekin. Erik Jaka lizartzarrak eta Endika Uriondo gizaburuagarrak bikote egingo dute, Iñaki Artola alegitarraren eta Aimar Morgaetxebarria zornotzarraren aurka.