Pello Bilbao, podiumetik hurre UAE Tourrean
Pello Bilbao Lopez de Armentia Bahrain Victorious taldeko txirrindulariak laugarren postuan amaitu du UAE Tourra. Atzoko [otsailak 26] azken etapan bosgarrena sailkatu zen.
Pello Bilbao Lopez de Armentia txirrindulari gernika-lumotarrak laugarren amaitu du UAE Tourra. Astebetez Arabiar Emirerri Batuetan lehiatzen ibili ostean, beste emaitza aipagarri bat lortu du Bahrain Victoriousekoak, Down Under Itzulian hirugarren eta Valentziakoan laugarren amaitu ondoren.
Herenegun lehiaturiko azken etapan, mendiko bigarrenean, erabaki zuten itzulia. Txirrindulariek Jebel Hafeet mendate tontorrean eduki zuten helmuga. Etxeko taldeko txirrindularia, UAE Team Emirateseko Adam Yates britainiarra, nagusitu zen; bigarren postuan sailkapen orokorreko garaipena eskuratu duen Remco Evenepoel Soudal Quick Step etxeko belgikarra sailkatu zen. Bilbao 54 segundora helmugaratu zen, bosgarren. Bilbao sailkapen orokorrean aurretik zuen Luke Plappegaz batera iritsi zen, baina etapa hamargarren postuan abiatutako Yatesek ezustekoa eman zuen; lorturiko errenta nahikoa izan zitzaion gernika-lumotarrari azken sailkapeneko hirugarren postua lapurtzeko.
Italiar klasikoetara bidean. UAE Tourra amaitu ondoren, Bilbaok Strade Bianche klasikoa lehiatuko du datorren zapatuan; ondoren, debuta egingo du Milano Sanremo monumentuan, Itzulia eta Ardenetako Hirukoa lehiatu orduko. Denboraldiko bigarren zatiko bere helburu nagusia, ostera, Bilbon hasiko den Frantziako Tourra izango da.