Pablo Gonzalezen askatasuna eskatu du Kontseilu Sozialistak, informazio eskubidearen alde
Kazetariaren askatasuna exijitzeaz gain, informazio eskubidearen alde egin eta NATOren aurkako aldarria zabaltzeko mobilizazioa egin zuten.
Pablo Gonzalez askatzeko eskatu zuen Kontseilu Sozialistak atzo Gernika-Lumon, Merkurio inguruan egindako elkarretaratzean. Kazetariaren askatasuna exijitzeaz gain, informazio eskubidearen alde egin eta NATOren aurkako aldarria zabaltzeko mobilizazioa egin zuten.
Kontseilu Sozialistakoek salatu dute Ukrainako gerrak eztanda egin zuenetik “Mendebaldeko bloke inperialista bere interesekoa den pentsamendu bakarra inposatzen” ahalegindu dela, “NATOren indartzearen bitartez”: “Bloke geopolitiko horrek merkatu mundialean duen bere posizioa mantentzea du helburu. Horretarako, manipulazio mediatikoa eta informazioaren erabilera interesatua eguneroko ogia izan dira”.
Besteren artean, Europar Batasunean, gizartea informatzeko eskubidea “behin eta berriro” urratzen dela salatu dute Kontseilu Sozialistako kideek, eta uste dute “zentsura eta jazarpena normalizatzen” saiatu direla. “Horrela ulertzen dugu Gonzalezen kasua, adierazpen askatasunaren, informatzeko eskubidearen eta kritikotasunaren aurkako erasoa. Horrelako kasuek beldurra zabalu eta antzeko jarrerentzako jazarpen eredu izan gura dute”, adierazi dute.
Europar Batasunaren joera “totalitarioak” ere kritikatuko dituzte barikuko mobilizazioan: “Krisi bat deklaratu bezain pronto neurri diktatorialak hartu dituzte: jazarpen polizialaren normalizazioa, militantzia politikoaren debekuak, kontrol sozialaren handitze neurriak, teknologia militarreko inbertsioak…”.
Kotseilu sozialistakoek diotenez, NATOk “heriotza eta basakeria banatzen” ditu periferiako herrialdeetan. Diotenez, ez dagoela “proletalgoaren eskubide politikoak” baimentzen dituen estatu burgesik diote, “ezta kapitalaren interesak kolokan jar ditzakeen informazioa hedatzea onartzen duenik ere”. Beraz, herritarren antolakuntza independentea bultzatu behar dela diote.