Hasiera gogorra MLK txapelketari
Olatz Arrizabalagak eta Andrea Capellanek 22-19 galdu dute, Seguran, Madalen Etxegarairen eta Miriam Arrillagaren kontra, binakako Master Laboral Kutxa txapelketako lehen partiduan.
Olatz Arrizabalaga gernika-lumotarrak eta Andrea Capellan errioxarrak ez dute hanka onez hasi binakako Master Laboral Kutxa txapelketako ligaxka. Atzo, Segurako Baratze pilotalekuan, partidu gogorra jokatu zuten Madalen Etxegarai oñatiarraren eta Miriam Arrillaga aginagarraren kontra. Azkenean txanponak azken horien alde egin zuen, eta Arrizabalagak eta Capellanek 22-19ko markagailuagaz galdu zuten.
Arrizabalagak azaldu du partidu “oso gogorra” izan arren, porrota “ezustean” harrapatu zituela bera eta Capellan. Lehen tantoetatik argi eta garbi agertu zen Etxegaraik eta Arrillagak osaturikoa bikote “sendoa eta lehiakorra” zela, eta gauzak ez zizkietela “batere erraz” utziko: “Lehendabiziko tantoetatik frogatu zuten maila handian kantxaratu zirela; dena dela, esango nuke geuk egindako akatsak giltzarri izan zirela porrota lortzerakoan, ez baikenuen partidurik distiratsuena egin”. Gernika-Lumoko aurrelaria sasoiko iritsi baldin bazen ere, bere bikotekide Capellanek lanak eduki zituen partiduaren erritmoari eusteko. Esku aldetik ez zen bete-betean iritsi errioxar atzelaria, eta asko sufritu zuen partidu osoan zehar. Hori gutxi ez, eta Arrillaga oso jotzaile azaldu zen uneoro, eta gogor zigortu zuen Capellan bere pilotakadekin.
Olatz Arrizabalaga: “Pilotak ez ziren egokiak partiduari erritmoa eta abiadura emateko”
Lehen jokaldien ondorioz, 8-4ko arrakala lortu zuten gipuzkoar biek. Arrizabalagak eta Capellanek beren ekinari eustea lortu zuten, baina ez ziren gai izan markagailuak beren alde ihes egiteko. Aurrelariak adierazi du Baratze “kantxa aproposa” zela bere estiloari jarraituz tantoak aurrean borobiltzeko: “Pilota dezente ateratzen den frontistetik eta, zentzu horretan, errematatzeko egokia zen”. Nolanahi ere, materiala ez zuten lagun izan: pilota mantsoekin jokatu zuten. Gernika-lumotarrak argitu du aukeran edukitako pilotetako bat ere ez zitzaiola egokitzen bilatzen zuten jokoari: “Tanto luzeak, gogorrak eta fisikoak egiteko paregabeak ziren, baina ez, ostera, partiduari erritmoa eta abiadura emateko. Partidua zenbat eta fisikoagoa izan, orduan eta txarrago Capellanentzat eta bere eskuentzat. Alde horretatik, ez genuen zorterik eduki”.
“Gaur-gaurkoz, Amaia Aldai eta Nora Mendizabal dira hautagai nagusiak”
Aukerak, bere horretan. Porrota gorabehera, Arrizabalagak eta Capellanek oraindik aukerekin jarraitzen dute txapelketan, atzokoa ligaxkako estreinako partidua izan baitzen. Hurrengo norgehiagoka datorren asteburuan edukiko dute, Altsasun, Amaia Aldai dimoztarraren eta Nora Mendizabal andoaindarraren aurka. Oraintsu jokatu du Arrizabalagak, Uxue Osesegaz batera, Aldai eta Mendizabalen kontra: Bizkaia Torneoko finalean tanto bakarragatik nagusitu ziren Arrizabalaga eta Oses. Datorren partiduari dagokionez, ondorengo adierazi du: “Txapelketan gabiltzan lau bikoteok finalaurrekoetara igaroko gara, baina esanguratsua izango da ahalik eta tanto gehien egiten saiatzen partidu guztietan. Gaur-gaurkoz, Aldai eta Mendizabal dira hautagai nagusiak baina, era berean, lehiaketa oso zabalik dago oraindik”.