Europako Txapelketara joateko besteko marka lortu du Garoa Martinezek
Garoa Martinezek bigarren postuan amaitu du Espainiako Halterofilia Kopako Vigoko proban. Arrankadetan 91 kilo eta denbora biko proban 110 lortu ditu atleta bermeotarrak.
Garoa Martinezek Espainiako Halterofilia Kopan lehiatu zuen zapatuan, Vigon [Galizia]. Bermeotarrak arrankadetan eta denbora biko proban parte hartu zuen, eta goi-mailan dagoela frogatu. Izan ere, kategoria absolutuko podiumera igotzea lortu zuen, bigarren amaitu ondoren.
Martinezek 91 eta 110 kilogramoko markak lortu zituen arrankadetan eta denbora bikoan, hurrenez hurren. Horrez gain, aipirilean Armenian lehiatuko den Europako Txapelketara sailkatzeko bezainbesteko emaitza eskuratu zuen. Sailkapena atletek mugitutako pisuaren eta atletaren pisuaren arteko batez bestekoak erabaki zuten, eta, hori dela eta, Marta Garcia aurreratu zitzaion. Sira Armengouk osatu zuen podiuma, hirugarren.
Bermeoko atleta “pozarren” agertu da Vigoko proban poltsikoraturiko markagaz, “Espainiako atletarik puntakoenak” bertan egon zirela kontuan izanik; era berean, argitu du prestakuntzan edukitako aldaketek fruitua eman dutela. “Prestatzaile tekniko bera mantentzen dudan arren, alor fisikoan entrenatzaile berri bategaz beharrean hasi naiz oraintsu, eta behar egiteko moldeak aldatu egin ditut, beraz. Badirudi aldaketa hori onerako izan dela, eta Vigon lortutako emaitza horren isla argi eta garbia da; zapatuko maila orokorra aintzat izanda, pozik egoteko modukoa da”, adierazi du.
Europako Txapelketaz galdetuta, Martinezek azaldu du oraindik ez duela joango den “inongo ziurtasunik”: “Lehiaketan frogatu dut hautatua izateko besteko maila dudala, eta horretarako lanean segituko dut. Azken hitza Espainiako selekzioko hautatzailearena izango da”.