Ibarrangelu mozorroz jantzi da
Lorea dantza taldekoak protagonista dituztela, kalejiragaz abiatu dituzte aratusteak Ibarrangelun. Egun osoko egitarauaz gozatzeko aukera paregabea edukiko dute herritarrek.
Ibarrangelu mozorroz eta jai giroz jantzi da gaur. Herritarrak inauteriak ospatzen ari dira eta, mozorroak apain jantzirik, kalera jo dute. Izan ere, Ibarrangeluko Udalak egun osoko egitaraua atondu du, helduei nahiz gaztetxoenei zuzendurik. 12:30ean ipini dute abian aratuste zapatua. Herriko pilotaleku inguruan hitzordua jarrita, ibarrangeluarrak apurka-apurka elkartzen joan dira, kalejira egiteko. Hain zuzen ere, Lorea dantza taldeko umeak izan dira kalejira horretako protagonista nagusiak; beraien dantzekin eta musikagaz girotu dute frontoi ingurutik Elizalderainoko ibilbidea.
Eguerdian, jaiak ez du etenik eduki, herritarrak bazkaritarako bildu baitira. Umeak izan dira bazkaltzen lehendabizikoak, 14:00etan, batzokian. Nagusien txanda, ostera, 15:30ean ailegatu da, herriko tabernetan poteo giroan aritu ondoren. Mahaigainekoaren ostean, arratsaldean jaiak ez du etenik izango. Elizalden bertan, 18:30ean hasita, txokolate-jana egingo dute eta eguneko bigarren gailurrera iritsiko dira: mozorro lehiaketa. Bizilagunek zein baino zein gehiago desfilatuko dute, mozorrorik originalena nork duen ikusteko. Herritar guztiak daude txapelketa horretan parte hartzera gonbidatuta.
Arratsaldean, txokolate-jana, mozorro lehiaketa eta zuzeneko musika egongo dira
Iluntzean, musikak hartuko du plaza ingurua, DJ On dantzarako eta kanturako abestiak jartzen ariko baita. Horrelaxe, hasi duten modu berberean, esango diete agur ibarrangeluarrek aurtengo aratusteei: musikaz blaituta, aldarte herrikoian eta giro ederrean.