Sailkapenean ez dira aurkari, baina bai kantxan
Lointek Gernika Bizkaiak Innova TSN Leganesen kontra jokatuko du bihar, kanpoan. Madrildarrak taulako azken-aurrekoak dira, baina azken jardunaldietan itxura lehiakorra erakutsi dute. Lointeketik "partidu gogorra" izatea aurreikusi dute, play-offetako lehian bizirik jarraitzeko esanguratsua.
Lointek Gernika Bizkaiak Emakumezkoen Endesa Ligako 23. jardunaldiko partidua jokatuko du Innova TSN Leganes talde madrildarraren aurka; bihar izango da, Europa pabiloian, 19:00etan hasita. Movistar Estudiantesen kontra Malosten garaipen garrantzitsua eta baliagarria poltsikoratu ondoren, motibazioz gainezka ekingo diote ligako hurrengo norgehiagokari Anna Montañana entrenatzaile valentziarraren jokalariek, play-offetako lehian bete-betean sarturik. Helburu horri begira, oraindik partidu asko daude jokatzeke, baina taldeen arteko berdintasuna, egun, oso handia da. Horrenbestez, zuzeneko aurkarien kontrako partiduak oso esanguratsuak izango dira aurrerantzean.
Malostekoak sailkapeneko bosgarren postuan kokatuta daude, beste talde bigaz berdinduta: Movistar Estudiantes, Kutxabank Araski eta Barça CBS. Atzean baina oso hurre daude IDK Euskotren eta Embutidos Pajariel Bembibre, garaipen bat gutxiagogaz. era berean, Duran Maquinaria Ensino eta Cadi La seu ere zelatan dituzte gernika-lumotarrek, biak ala biak bederatzi garaipen eskuratuta. Hortaz, martxora, Erregina Kopara, orduko tartea hil ala bizikoa izango da; Leganeskoa estreinako geltokia izango da.
Leganesko Ceci Muhate ligako azken jardunaldian MVP izan zen
Biharko aurkariak ere bere gerra propioa du, eta Lointekekoek talde borrokalaria topatuko dute, etxetik kanpora. Leganes taulako azken-aurreko postura ez erortzeko lehian dago Hozono Global Jairis taldeagaz; zazpi garaipen eta hamalau porroteko bilakaera dute madrildarrek. Hori bai, azkenengo jardunaldietan, Leganesek azken unera arte presio egiten duen taldearen itxura txukuna bistaratu du: lehiakorrak dira partiduaren berrogei minutuetan. Adibidez, joan den asteburuan luzapenera joan ziren duran Maquinaria Ensinoren aurkakoan, eta azkenean garaipena lortu zuten. Gainera, Ceci Muhate pibota azken jardunaldiko MVP izan zen, hamalau puntu, hamalau errebote eta hogeita zortziko balorazioa eskuratuta.
Nacho Garciaren lantaldearen kanpoaldeko jokalariek maila handia dute, baita puntuak egiteko trebetasuna ere. Marta Hermida, Michela Houser, Taylor Koenen, Laura Garcia, Prescilla Lezzin, Alba Sanchez edota Masa Jankovic dira jokalaririk azpimarragarrienak. Barrualdekoei dagokienez, Vionise Pierre-Louis da nabarmenena: partiduko, 13,7 puntuko eta 8,7 erreboteko batezbestekoa dauka.
Ligako zortzi jardunaldi daude jokatzeko oraindik, eta berdintasuna nabaria da play-offei begira
Gernikako lantaldea, ostera, “oso kontziente da” geratzen diren ligako zortzi jardunaldietako partiduetan ahalik eta irudirik duinena erakusteko beharraz. Sailkapeneko azken-aurrekoa izan arren, Leganes bere kantxan “aurkari sendoa” dela adierazi dute taldetik, eta derrigorrezkotzat jo dute madrildarren erasoaldietako arriskuak ahal bezainbeste murriztea. Aurkari hori “minutu gutxitan asko saskiratzeko gai” dela azaldu dute. Beraz, itxurak itxura eta postua postu, Leganesen kontrakoa ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izango.