Gonzalezen egoera aztertuko dute Astran, Oihana Goirienagaz, martitzenean
Prentsa askatasuna ardatz hartuta, Gonzalezen kasua aztertuko dute Oihana Goirienagaz solasaldian; 19:00etan jarri dute hitzordua, eta bertaratzeko deia egin diete herritarrei.
Ipes elkarteak deituta, martitzenean (otsailak 28), Pablo Gonzalez kazetari elantxobetarraren egoera mahai gaineratuko dute Astran, atxiloketaren urteurren egunean, Pentsamendu bakarraren aurrean, prentsa askatasuna izenburupean. Prentsa askatasuna ardatz hartuta, Gonzalezen kasua aztertuko dute Oihana Goiriena haren senideagaz solasaldian; 19:00etan jarri dute hitzordua, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete.
Urteurreneko eguna aukeratu du Ipesek solasaldia egiteko, izan ere, iazko otsailaren 28an atxilotu zuten kazetaria Polonian, Ukrainako mugatik gertu lanean ari zela.
Urtebete beranduago preso jarraitzen du: “Urtebeteko behin behineko kartzelaldian jarraitzen du Gonzalezek, urtebete akusazio publiko eta formalik barik espetxeratuta, bertsio ofiziala ez jarraitzeagatik, informazioa emateagatik, kazetaritza libre eta konprometituaren aldeko apustua egiteagatik”. 365 egunez Gonzalezen “eskubideak urratu” dituztela diote.