Olatz Arrizabalaga, binakako MLK txapelketari ekiteko prest
Olatz Arrizabalagak eta Andrea Capellanek binakako Master Laboral Kutxa txapelketa abiatuko dute domekan, Seguran, Amaia Aldairen eta Nora Mendizabalen kontra.
Olatz Arrizabalaga gernika-lumotarra denboraldiko helburu nagusiaren ataritan dago: domekan ipiniko du abian aurtengo binakako Master Laboral Kutxa txapelketa. Segurako Baratze pilotalekuan emango diote hasiera lehiaketari berak eta kantxaren atzealdea jagongo duen Andrea Capellan bikotekide errioxarrak. Aurrez aurre edukiko dituzte oraintsu aurkari izan dituzten pilotari bi: Amaia Aldai dimoztarra eta Nora Mendizabal andoaindarra. Gernika-Lumokoak Bizkaia Torneoko finala azken tantoan irabazi zien, Uxue Osesegaz batera, arerio horiei biei, otsail hasieran.
Arrizabalagak domekako “egoera oso onean” iritsiko dela adierazi du: “Txapelketa oso ondo prestatu dut, eta egoera fisiko bikainean ailegatuko naiz; Bizkaia Torneoa, azkenean, oso gogorra izan zen, baina ordutik berreskuratzeko eta binakako MLK txapelketa ganoraz prestatzeko astia eduki dut. Eskuei dagokienez ere, ez dut inongo arazorik izan. Beraz, pozarren nago lehendabiziko partidura eroango dudan sasoi fisikoagaz”.
Olatz Arrizabalaga: “Pozarren nago txapelketako lehen partidura eroango dudan sasoi fisikoagaz”
Capellan bikotekideari dagokionez, “hazten” dagoen pilotaria dela adierazi du gernika-lumotarrak. “Hobetzeko tartea du oraindik, eta, beraz, gora eta gora egiten ari da. Esango nuke Capellanen eta neure joko moldeak oso bateragarriak direla, bikain moldatzen gara kantxa barruan”. Estrategiari buruz galdetuta, partidua “ahalik eta gehien gogortzea” edukiko dute helburu: “Berez norgehiagoka oso gogorra izatea aurreikusten dugu baina, zenbat eta gogorragoa izan, orduan eta hobeto guretzat. Jomuga da Capellanek jokoa atzealdeko koadroetan kontrolpean edukitzea eta dominatzea, atzelari oso jotzailea baita, eta nik iristen zaizkidan jokaldiak aurrealdean errematatzea“.
“Errebantxa gosez”.
Aldaik eta Mendizabalek, azkenengo finala tanto bategatik galdu ondoren, txanponari buelta emateko gogoa eduki dutela nabarmendu du Arrizabalagak. “Errebantxa gosez jokatuko dute, horixe izango da, seguru asko, beraien motibazio iturria. Partidu fisikoa izango da, oso nekagarria, eta beraien jokoari eusteko prest egon beharko gara”, azaldu du. Pilotalekua, ostera, ezezaguna du. “Uste dut ez dudala sekula jokatu Seguran; dena dela, espero dut frontoi bizkorra izatea, itxura horretakoak egokitzen baitzaizkigu hoberen Capellani eta bioi”.
Arrizabalaga-Capellan eta Aldai-Mendizabalez gain, Garai-Gaminde eta Arrillaga-Larrarte bikoteak ariko dira txapelketan
Binakako MLK txapelketako antolatzaileek pilotari bikote oso sendoak egin dituzte aurten, eta ez dago garaipena poltsikoratzeko hautagai argirik. Arrizabalaga-Capellan eta Aldai-Mendizabal bikoteez gain, Leire Garai gasteiztarrak eta Enara Gaminde laukiztarrak osatutakoa dago, batetik, eta Miriam Arrillaga aginagarrak eta Miren Larrarte bidani-goiztarrak osatutakoa, bestetik. Aurkari guztiak “goi mailakoak” direla argitu du gernika-lumotarrak, eta lehiakortasuna “bermatuta” dagoela. Ligaxkako estreinako partiduaren ondoren, bigarrena martxoaren 5ean jokatuko dute Arrizabalagak eta Capellanek.