Gernikako Arbolaren oinordeko bat landatu dute Amurrion
Arabako herrian "indartsu" haziko den zuhaitz gaztea Gernikako Arbolaren izen bera daukan kalean jarri dute, iaz leku berean zegoen eta hil zen oinordekoa ordezteko.
Gernikako Arbolaren beste oinordeko bat landatu dute Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Amurrioko Udalak Amurrion. Arabako herrian “indartsu” haziko den zuhaitz gaztea Gernikako Arbolaren izen bera –Gernikako Arbola Kalea– daukan kalean jarri dute, iaz leku berean zegoen eta hil zen oinordekoa ordezteko.
Batzar Nagusiek jakinarazi dutenez, lehenengo oinordekoa Juan Rubenachek eskatuta landatu zuten han: “Rubenach alemaniar jatorriko ingeniaria zen, adopzioz euskalduna eta amurriarra izan arren. Ferrocarril del Norte konpainia zuzendu zuen, eta XIX. mendean funtsezko pertsonaia izan zen trena Bizkai, Araba eta Gipuzkoara iristeko”. Garaiko kronikek diotenez, 1915ean hil aurretik, Gernikako Arbolaren ondorengo bat landatu zuen. Ehun urte geroago –2015ean–, beste ale bat landatu zuten Jesus de Galindezen omenez, Arabako udalerrian, baina ez zuen bizirik iraun.
Diotenez, gaurko ekitaldiak “hutsune” hori betetzeko balio du, eta hurrengo hauek landatu dute: Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otaduik, Amurrioko alkate Txerra Molinuevok, Arabako Ahaldun Nagusi Ramiro Gonzalezek, Arabako Batzar Nagusietako presidente Pedro Elosegik eta udal taldeetako ordezkariek. Agintariek eta bizilagunek bota dizkiote lehenengo lur palakadak 3,5 metroko altuera daukan 12 urteko haritzari.
Halan da ze, Arabako herriak bat egin du mundu osoan zehar sakabanatuta dauden eta zuhaitzaren oinordeko bat duten ehunka lekuekin. Molinevok adierazi duenez, Amurrioko herritarrak “ilusioz” zeuden “harrotasunez betetzen” dituen unearen esperoan: “Benetan eskertzen dugu. Oso garrantzitsua da udalerriaren historian. Ekitaldia amaitu aurretik, Otaduik Benetakotasun Ziurtagiria eman dio alkateari, landatutako alea Gernikako Batzarretxeko egungo haritzaren ondorengoa dela egiaztatzen duena.