Errepublikarren hilobia adierazteko plaka jarri du Pipergorrik Zalloko hilerrian
Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarrean (1938-1040) hildako 269 presoak gogoratzeko asmoz jarri dute plaka. Preso errepublikarrak oroitzeko Memorialean dagoen antzeko plaka adierazgarria da jarri dutena, euskaraz eta gaztelaniaz.
Zalloko hilerrian dagoen ‘Errepublikarren hilobia‘ deitutako lekua adierazteko plaka bat jarri du Pipergorri elkarteak, Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarrean (1938-1040) hildako 269 presoak gogoratzeko asmoz. “Memoria zorra” dela diote elkartekoek. “Leku sinboliko honetan plaka bat jarri beharra egon da, hasiera batetik aurreikusitakoaren arabera”, diote.
Errepublikarren hilobia deitutakoa, izatez, gune karratu txikia dela azaldu dute, 2×3 metrokoa gutxigorabehera, hilerri zaharreko zipres arbolaren inguruan dagoena. “Diotenez, bertan utzi zituzten lurpetik ataratako errepublikarren hezur hondakinak. Ez dago ziurtasunik zein hondakin, zenbat eta zelan dauden jakiteko, ez zelan egin zen hori guztia”, azaldu dute elkarteko kideek.
Plaka jarri berri dute, baina, leku horretan, 2020an jarri zuten Ereñoko marmol gorriko seinale harri txikia, trabes zauri modura arrakala duena, eta 269 Memorialaren moduan, Jose Ibarrolak diseinatutakoa. Oraingoan, Memorialean dagoen antzerako plaka adierazgarri bat jarri dute, euskaraz eta gaztelaniaz, hurrengo testua daukana: ‘Gerra-Presoen Ospitale Militarrean 1938tik 1940ra bitartean hildako 269 errepublikanuak gogoan’. Erdialdean, berriz, “Demokrazia” eta “Askatasuna” berbak ditu, eta, behealdean, Ospitale Militarra itxi zuteneko LXXX+II urteurreneko proiektuan parte hartu zutenen logoak ageri dira.
Plaka jartzeagaz, Pipergorri elkarteak amaitutzat ematen du Zallo hilerriko leku bi horien adierazpen modua: 269 Memoriala eta Errepublikarren Hilobia.