Astrako babeslekua estaltzeko eta oinezkoentzako bidea egokitzeko Jaurlaritzaren diru laguntza jaso du udalak
Eusko Jaurlaritzaren 10.592,64 euroko diru laguntza jaso du udalak, aireko babeslekua estaltzeko obraren ingurumen jarraipena egiteko eta Astrako fabrika zaharraren eremuan dagoen aparkalekura ibilgailuentzako behin behineko sarbidea egiteko.
Astrako babeslekua estaltzeko eta oinezkoentzako gune berri bat egokitzeko obrak hasita daude dagoeneko. 2021eko urriko osoko bilkuran onartu zuten proiektua, 347.718,93 euroko aurrekontuagaz, eta udal arduradunek jakinarazi dutenez, Eusko Jaurlaritzaren 10.592,64 euroko diru laguntza jaso dute, aireko babeslekua estaltzeko indusketaren ingurumen jarraipena egiteko eta Astrako fabrika zaharraren eremuan dagoen aparkalekura ibilgailuentzako behin behineko sarbidea egiteko.
Gainera, zehaztu dute kutsatutako lurzoruen lerroan garapen jasangarria sustatzeko laguntza modura emandako diru laguntza hondeaketa ikuskatzeko, lurpeko uren kalitatea kontrolatzeko eta geratzen den lurzoruaren karakterizazioa egiteko ere erabiliko dutela.
Obrak, babeslekuaren egoera “ez delako ona” egingo dituztela jakinarazi zuten iaz. Hain zuzen ere, ondare historiko hori babesteko erabakia izan zen babeslekua estaltzearena eta kultur ekitaldietarako egokitzearena. Bide batez, inguru hori oinezkoentzako gune bihurtzeko asmoa zutela iragarri zuten udal ordezkariek, eta, hori egiteko, Astrako aparkalekurako ibilgailuen sarbidea Bekoibarra kalera lekualdatu behar dute; Astrako babeslekuaren eta Talleres de Gernikako babeslekuaren artean jarriko dute. Esan eta egin, izan ere, dagoenerako martxan daude proiektu hori garatzeko obrak.
Hobekuntzak. Udal arduradunek diotenez, babeslekuaren gainean, babeslekuaren azalera baino handiagoa daukan egurrezko estalkia eraikiko dute, memoria eta kultur ekitaldiak egin ahal izateko; zehatz esateko, estalkiak 200 metro koadro izango ditu, eta gune hori Astrarekin batzeko oinezkoentzako tartea egokituko dute gaur egun ibilgailuen sarrera den horretan.