Kaleak sormenez beteta
Gaurkoan bai, eguraldia lagun eduki dute Bermeoko eta Mundakako ikastetxeetakoek, eta kalejirak egin ahal izan dituzte.
Pozik eta gogotsu atera dira gaur Bermeoko eta Mundakako ikastetxeetako ikasle zein irakasleak kalera. Beste urte askotan ez bezala, gaur bai, gaur, eguraldi ona izan dute lagun eta kalejirak egin ahal izan dituzte bi herrietan. Mota guztietako mozorroak ikusi ahal dira gaurkoan kostaldeko bi herrietan.
Mundakan, gainera, kalejira egin ostean dantzan aritu dira kiroldegian; erakustaldia egin dute bertaratutakoen arreta bereganatuz..
Bi herrietan jende asko dabil kaletik, sormenez beteta ikusi daitezke gaur kaleak. Erroxapeko Martxakoek, esaterako, kabareta atera dute kalera, eta euren kantu eta dantzekin girotzen ari dira Lamera zein inguruak.
Arratsaldean, gainera, dantzarako tartea edukiko dute, eta, hortaz, aratuste eguna luzatzeko aukera izango dute gura duten horiek guztiek. Mundakarrek gaur agurtuko dituzte eurentzako garrantzitsuak diren aratusteak, bermeotarrek mozorroak janzteko aukera izango dute zapatuan, berriro ere. Izan ere, Busturialdean, datorren asteburura bitartean luzatuko dituzte aratusteak, eta zapatuan oraindik ere egongo da non mozorrotu:
BERMEO
Otsailak 25, zapatua.
– 22:00. Spookypheria Productions elkarteak antolatuta, Vade Retro jaialdia, Bermeoko Kafe Antzokian. Unholy Covers eta DC Data.
IBARRANGELU
Otsailak 25, zapatua.
– 12:30. Kalejira, frontoian hasi eta Elizaldera, Lorea Dantza taldeagaz.
– 14:00. Umeen bazkaria, Batzokian (izena ematea, Batzokian).
– 15:30. Nagusien bazkaria, Batzokian eta Gabirin (izena emateko azkenengo eguna bihar da (tabernetan).
– 18:30. Txokolate jana, mozorroen lehiaketa eta diskofesta, Elizalden.
MORGA
Otsailak 25, zapatua.
– 20:00. Joko-poteo, barreak eta sariak, Andra Marin. Birziklatuta, etxean daukatenagaz mozorrotzera animatu dituzte herritarrak.