Igeriketa funtzionala bistaratuz
Gernika-Kosnoaga klubeko igeriketa funtzionaleko taldeak erakustaldia eman du Santanape kiroldegian.
Gernika-Lumoko Santanape kiroldegiak Bizkaiko Igeriketa Federazioak antolaturiko Eskolarteko 5. Jardunaldia hartu zuen joan den zapatu arratsaldean eta, gertakizun hori baliaturik, Gernika-Kosnoagako aniztasun funtzionaleko igerilari taldeak erakustaldia egin zuen toki berean. Erakustaldi hartan, besteren artean, aditzera eman zuten igeriketa talde horretan egiten duten lana eta, era berean, orain arte landurikoak bistaratu zituzten. Igerilari taldekoek, zaleek eta beraien senideek animaturik, “arratsalde zoragarria” pasatu zutela adierazi dute Gernika-Kosnoaga klubetik eta aldarrikatu dute “eskertzekoa litzatekeela” tankerako egitasmo gehiago egitea udalerrian.
Klubetik adierazi dute udalerrian tankerako egitasmo gehiago egitea “eskertzekoa litzatekeela”
Aniztasun funtzionaldun igerilari taldea astean egun bitan elkartzen da; monitore pare baten laguntzagaz, laupabost igerilari biltzen dira astero-astero igerilekuan. Hain zuzen ere, egun taldea osatzen duten igerilariak ondorengoak dira: Gorka Lobato, June Aranguena, Ekaitz Lara, Nahia Bonilla, Iruntze Esnal, Julen Goiri, Naroa Urlezaga eta Amaiur Ensunza. 2022-2023 denboraldian monitore beharretan ari direnak, ostera, Aimar Irazabal, Garazi Bengoetxea, Maialen Foruria eta Naia Urzaa dira.