Herriko plaza birmoldatzeko obrak esleituta, hamar hilabeteko epean hasiko dira lanak
Aurrekontua 694.623,18 eurotakoa da, BEZa barne, eta enpresak 10 hilabeteko epea izango du eraberritze lanekin hasteko. Helburua plazaren egungo "zatiketa haustea" da, "atsegina, segurua eta multifuntzionala" den gunea sortzeko.
Gautegiz Arteagako Udalak herriko plazaren birmoldaketa lanak esleitu ditu, ideia lehiaketaren eta herritarren parte hartzearen bidez aukeratutako eraberritze proiektua garatzeko. Aurrekontua 694.623,18 eurotakoa da, BEZa barne, eta enpresak 10 hilabeteko epea izango du eraberritze lanekin hasteko.
Herriko plaza berria diseinatzeko, Gautegiz Arteagako Udalak ideia lehiaketa bat jarri zuen martxan 2021ean, eta proposamen irabazlea Donostiako arkitektura estudioarena izan zen, TOPA izenekoa, Jon Beristain Mitxelena eta Mikel Mugika Insaustik diseinatua. Proiektu horrek udalerriaren espazio neuralgikoa berrituko du, eta bi gunetan banatuta dagoen plaza gune bakarrean bateratuko du; izan ere, egungo irisgarritasuna zailtzen duten oztopo arkitektonikoak kenduko dituzte.
Helburua plazaren egungo “zatiketa haustea” da, “atsegina, segurua eta multifuntzionala” den gunea sortzeko. Herriko plaza berriak 300 metro koadro inguruko eremu estalia izango du, eta plaza kultur etxeko sotoko solairuagaz batuta egongo da; kultur etxearen atzealdea oinezkoentzako egokituko dute. Gainera, aparkalekuak eta zerbitzuetakorako aparkalekuak izango ditu, baita mugikortasun murriztuko pertsonentzako bi gune ere. Autobus geltokia egitea jarduera eremuaren baitan sartzen da.
“Herritarren parte hartzea funtsezkoa izan da, lehenengo minututik argi geneukalako herriko plaza gure bizilagunen gozamenerako gunea dela”, adierazi du Juan Felix Naberan udalerriko alkateak. Herriko planaren birmoldaketa herriaren “beharretara” egokitu behar zela dio alkateak, udal gobernuarentzako “funtzeskoa” delako herritarren iritia izatea: “Bi arrazoirengatik da garrantzitsua herritarren iritzia ezagutzea; batetik, gure lan guztia herritarrei laguntzeko delako, guztiok gozatzeko, Gautegiz Arteagako kalitatea hobetzeko, eta, bestetik, herritarren partaidetza udalean lan egiteko dugun moduaren parte delako”.