Denboraldi hasiera bikaina Xixilikoentzat
IX. Macarena Milla txapelketa egin dute Bermeoko Arene kiroldegian. Xixili klubekoak lehiakor eta dominen lehian murgilduta aritu dira. Besteak beste, lehen postua lortu dute Naia Arrazuagaz, eta bigarrena Garazi Aslagaz.
Zapatuan, hilaren 18an, IX. Macarena Milla txapelketa lehiatu zuten Bermeon. Bertan izan ziren Euskal Herriko gimnastika erritmikoko klubik esanguratsuenak, eta baita Espainiar Estatutik bertaraturikoak ere. Guztira, hamalau klubek parte hartu zuten. Etxeko taldea, Xixili kluba, onenen artean aritu zen, eta emaitza txukunak poltsikoratu zituzten taldeko kideek. Lehiaketaren azkenengo ekitaldiak herriko pilotalekuan egin izan dituzten arren, aurtengoa Arene kiroldegian egin dute; era berean, asteburuko formatutik egun bakarrekora igaro dira. Dena dela, antolatzaileak izandako harreragaz “pozik” agertu dira: “Leku askotako jende ugari hurreratu zen kiroldegira eta, guztien artean, gimnastika erritmikoaz gozatzeko aukera paregabea egon zen”.
Hainbat kategoriatan lehiatu zuten etxeko klubeko gimnastek, era horietako zenbaitetan emaitza bikainak poltsikoratu zituzten. Bigarren urteko gazte mailan, esate baterako, Naia Arrazuak urrezko domina irabazi zuen, Santutxuko Arantza Garciaren eta Miragarriko Aitana Aiastuiren aurretik sailkatuta. Lehen mailakoetan, ostera, Idoia Hormaetxea zortzigarrena izan zen; proba horretan, June Laria nagusitu zen, Santutxukoa, Sakonetako Angela Beamonteren eta Danako Maider Ibarretxeren aurretik. Kadete mailari dagokionez, Xixiliko Naia Gorostiagak bosgarren postuan sailkatzea lortu zuen. Maila absolutuan, ostera, Garazi Aslak egundoko maila erakutsi zuen, eta bigarrena izan zen, Sakonetako Saioa Salineroren ondoren.
Etxekoak goiko kotan aritu ziren taldeka ere: gazte mailan, 12,800 puntu eskuraturik, bosgarrenak izan ziren Xixilikoak; aurretik eduki zituzten Tolosa (22,300), Boecillo (16,550), Belabieta (14,800) eta Arnedo (13,550), hurrenez hurren. Bestalde, klubetik adierazi dute aurtengo txapelketan txikien taldea ere aurkeztu zutela, eta ez zuten kale egin. Bigarren sailkatu ziren taldeka, 12,900 puntugaz. Lehen postua, aldiz, Boecillok lortu zuen, 19,950egaz.
Gizonezkoen parte-hartzea.
Macarena Milla txapelketa gimnastika erritmikoko estreinako geltokia izan da Xixiliko kideentzat. Datozen probei begira, “hasiera bikaina” egin dutela adierazi dute taldetik, eta lortutako emaitzez nahiz erakutsitako lehiakortasunaz “asebeteta” agertu dira. Horrez gain, aurtengo txapelketaren berrikuntzarik esanguratsuena, azaldu dutenaren arabera, gizonezkoak apurka-apurka kirol horretan “sartzen” ari direla da. Eskualdean, gaur-gaurkoz, gizonezkoen artean oraindik “errotzen” dabilen kirola da gimnastika erritmikoa, baina “geroz eta mutil gehiago animatzen dira” hura praktikatzera.