Zuriñe Gandarias Bilbao izango da EH Bilduren alkategaia Gautegiz Arteagan
Alkategaia izateko proposamena "gustura" hartu Gandariasek, eta lan egiteko "gogotsu" dagoela dio. "Herri biziagoa" gura dute EH Bildukoek, herritarren partaidetza sustatzen duena.
Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako zerrendaburu izendatu du Gautegiz Arteagako EH Bilduk Zuriñe Gandarias Bilbao. Proposamena “gustura” hartu duela dio, eta lan egiteko gogotsu dagoela azpimarratu du.
Gandariasek dio herrigintza egiteko eredua aldatu beharra dagoela Gautegiz Arteagan, eta, horretarako, “oinarrizkoa” dela herritarrak entzutea. “Herri biziagoa” gura dute koalizio abertzaleko kideek, herritarren partaidetza sustatzen duena: “Ume, nerabe zein gazteen iritziak eta kezkak ere kontuan hartuko dituen udalerria nahi dugu, euskal kultura kalean bizirik edukiko duena, ondarea zainduko duena, herriko eskolarekin ezinbesteko elkarlanean ariko dena”.
Elkarlana oinarri, “talde polita eta langilea” osatu dute, eta euren herri eredua bultazatzeko asmoa dutela adierazi dute. Hori horrela, EH Bildukoek uste dute, ingurugiro arloan, udalak trantsizio ekologikoaren lidergoari heldu behar diola, trantsizio hori eraikin publikoetatik hasi behar dela esanez: “Eraikin publikoetatik hasita, herritarrak lagundu behar dira”.
Gazteentzako etxebizitza arazoari heltzea ere “beharrezkoa” dela uste du Gandariasek, “gaia guztiz lotuta dagoelako herri bizia eraikitzearekin eta eskola herrian mantentzearekin”. Zaintza sareak areagotzean ere jarri dute arreta EH Bildukoek, nagusien eta beste kolektiboen beharrizanak aztertu behar direla esanez. Udalerrian lanpostu berriak sorrarazi gura dituztela diote, horretarako baliabideak eskainiz.
“Gobernantza ereduari dagokionez, erabakitzeko espazioak zabaltzea eta udalaren kudeaketa hobetzea dira gure helburuak”, azpimarratu dute.