Gaur arte, Urdaibaiko saneamenduan 70 milioi euro inbertitu dituzte
URAk eta Jaurlaritzak 70 milioi euro inbertitu dituzte Urdaibaiko ur saneamendu lanetan. URAk, Jaurlaritzak eta Busturialdeko Ur Partzuergoak bere garaian sinatutako lankidetza hitzamenaren baitan egin dituzte eskualdeko saneamendu sarea eraikitzeko eta hondakin urak Lamiarango HUAra bideratzeko lanak.
Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, URA Uraren Euskal Agentziak eta Jaurlaritzak 70 milioi euro inbertitu dituzte Urdaibaiko ur saneamendu lanetan. Biosferaren Erreserbako saneamendua hobetzeko obren helburua eskualdeko hondakin ur gehienak biltzea eta Bermeoko Lamiarango araztegira bideratzea da, behar bezala arazteko eta ondoren itsasora isurtzeko. “Hori da balio ekosistemiko handiko gune bateko uren egoera ekologiko ona zaindu ahal izateko ezinbesteko baldintza”, azaldu dute.
URAk, Jaurlaritzak eta Busturialdeko Ur Partzuergoak bere garaian sinatutako lankidetza hitzamenaren baitan egin dituzte eskualdeko saneamendu sarea eraikitzeko eta hondakin urak Lamiarango HUAra bideratzeko lanak. Hitzarmen horren arabera, URAk konpromisoa hartu zuen 49 milioi euro inbertitzeko, Jaurlaritzak 2003tik Urdaibain inbertitutako 35 milioei gehituta. Bestalde, Busturialdeko Ur Partzuergoak konpromisoa hartu zuen eskualdeko saneamendu eta arazketa azpiegituren kudeaketaren iraunkortasun teknikoa eta ekonomikoa bermatuko zituen kudeaketa plan bat egitekoa, gaur gaurkoz Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren esku dagoena.
Egiteko jarduera “handia” zenez, zatika egin behar izan dituzte lanak. Horietako asko Busturialdeko Ur Partzuergoak egin zituen, 2003tik Jaurlaritzak finantzatutako 35 milioi euroekin. Nabarmentzekoak dira Busturia eta Sukarrieta arteko tartea egokitu izana, Sukarrieta eta Lamiarango HUArarteko kolektore tartea egin izana eta Mundakako ura biltzeko eta bideratzeko obrak burutu izana.
Beste zati batzuk URAk egin ditu zuzenean: ezkerraldeko kolektorea eta Sukarrietako ponpaketa estazioa, besteren artean. “Lan horiei esker, 30.000 herritarritarren karga kutsatzailea atera da Mundakako itsasadarretik”, diote.
Jarduerak pausoz pauso. Busturialdeko ur sanemaneduaren lanak hiru fase handitan egituratu dituzte:
- Itsasadarren ezkerraldeko kolektore orokorraren tartea egokitu zuten Sukarrieta eta Lamiarango HUAren artean: Fase horretan, lurpean hondakin urak ponpatzeko estazio bat eraiki zuten Sukarrietan; 2018an amaitu zen eta 15 milioi euroko aurrekontua izan zuen.
- Gernika-Lumo eta Busturia arteko tartea eraiki zuten. 2021ean amaitu zituzten 18 milioi euroko inbertsioa izan zuten obrak. Muruetako auzo batzuetako hondakin urak biltzen dituzten kolektore eta adar sekundarioak ere egin zituzten.
- Ajangiz eta Gernika-Lumo arteko kolektorea. Kolektore hori eraikitzen ari dira gaur gaurkoz, eta horri esker, hondakin urak itsasadarraren eskuinaldeko zati batetik Lamiaranera bideratu ahal izango dira, baita itsasadarreko industria isurketa baimendu handiena kendu ere. Obrak 2,5 milioi euroko aurrekontua dute.
Ajangizen ari dira lanean, baina eskualdeko ur saneamendua osatzeko, Muxika eta Ajangiz batuko dituen kolektore tartea egokitu behar da. URAk jakinarazi du kolektore zati hori eraikitzeko proiektua idazten ari dela, baita Muxikako auzo batzuetako eta Arane industrialdeko industria eremuetako hondakin urak bilduko dituzten kolektoreak eta adar tartak barne hartuta. Jarudera honen aurrekontua 15 milioi euro ingurukoa izango dela aurreikusi dute.
Hori horrela, jarduera horiek guztiak egiteko eta Muxikako tartearen aurreikuspena barne, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du URAk eta gobernuak berak Urdaibaiko saneamenduaren arloan egindako inbertsioa 85 milioi eurora artekoa izango dela.
Laburpen ekonomikoa.
- 2003ko hitzarmenaren inbertsioa: 35.080.000 euro.
- Sukarrieta-Lamiaran tartea: 14.648.984,92 euro.
- Gernika-Busturia tartea: 17.860.074,72 euro.
- Ajangiz-Gernika tartea: 2.358.457,72 euro.
- Guztira gaur arte: 69.947.517,36 euro.
- Muxika-Ajangiz tarteko inbertsio aurreikuspena: 15.000.000 euro.
- Inbertsioen aurreikuspen guztia: 85.000.000 euro.