Urtarrileko Ezetz Jakin lehiaketaren irabazleek dagozkien sariak jaso dituzte
Olatz Ibarra bermeotarrak eta Mirari Ormaetxea gernika-lumotarrak irabazi dute urtarrileko Ezetz Jakin lehiaketa. Parte hartu duten 104 lagunetatik 65ek erantzun dute zuzen galdetegia.

Euskararen eguneroko erabilera bultzazea jomuga duen Berbalagun egitasmoak aurrera darrai, eta, hain zuzen ere, atzo iluntzean banatu zituzten hilabetero antolatu ohi duten Ezetz Jakin lehiaketaren urtarrileko sariak. Gernika-Lumoko Kultur Etxearen aurrean elkartu ziren proiektuaren antolatzaileak zein sarien irabazleak, 18:30ean. Abenduan Macri Garcia eta Asier Laskurain nagusitu ondoren, urtarrileko txapelketan Olatz Ibarra bermeotarra gailendu da; bigarren postuan, Mirari Ormaetxea gernika-lumotarra sailkatu da.
Guztira, 104 lagunek parte hartu dute ohiko formatuan, alegia, paperean egindako lehiaketan, eta parte hartzaile horietako 65ek erantzun dituzte galderak zuzen. Antolatzaileak “asebeteta eta pozarren” agertu dira herritarrek egitasmoari emandako babesagaz eta parte hartzeagaz. Irabazleari dagokion dirusariaz gain, sarituek telazko poltsa, kantinplora, koaderno nahiz boligrafoak eta eguzkitako betaurrekoak jaso zituzten atzo.
Ezetz Jakin lehiaketan parte hartu gure dutenek herriko tabernetan, liburutegian, AEKn, EPAn edota Aita Villasante Udal Euskaltegian aurki dezakete parte hartzaile bakoitzak bete behar duen eskuorria. Hori bete ondoren, Gernika-Lumoko Kultur Etxean kokaturiko buzoian sartu behar dute.